GURE ERRESUMAREN EGOERA HONETAN
Gure Erresumaren egoera honetan
Iñaki Aginaga
I
“Egiazko hixtorioaren urtez-urtekoan, konkesta, harmen bidezko zerbu-hartze ta ohointza, indar basaren erregegoa, horik dira ta izan dira betiko irabazle. Esku-liburu dohatsuetan berriz, eten gabeko maitasun-ipuinak”. Jende gaixoak ahultzekotz asmatutako ipuin faltsuak, indartsuen zerbitzurako.
Honerako munduan, ez dira herri “on, eder, eta bihotz-samur”-ak irabazle, bainan indartsu, aberats, gogor ta maltzur izaten ikasi dutenak. Politigoaren har-emanak, gizarteen arteko indar haundietan dute funtsa ta hel-buru. Legezko ordreek beraz ere bai, har-eman horien barnean dagoz-eta.
Holakoa ulertu ez duenak zein mundutan bizi den ere ez daki. Bihotz onarena eginik ere, etsaien morroi besterik ez da, bere herriaren arrisku ta kaltez. Hoinbesteraino ergeldu den – edo ergeldu duten – herria ez da luzaro honerako munduan egonen. Auzoko edo urrungo gizarte azkarrenek irentsi ta suntsituko dute ahalik lasterrena, naturazko selekzioaren legez. Dena pleini edo lausenguz arizan daiteke, nagusien eskuak, oinak edo berdin ipurdia ahalik eta hobeki besarka, hainbat gaizto ta erruki-gabeago etsaia. Handik beretik segur baino segurrago ikusten bai-du zein ponturaino den indar-gabeko, motel, kaskarra eta ezerrezteko-errexa holako gizartea.
“Orotatikako indarra” egunero arbuiatzen dituzte, itzez, hortzetaraino harmatu gobernuek, duten ahalmena muga-gabeko indarkeriaz lortu ta gorde dutelarik. Haiek diotenez, “Helburu eder, iustu, bikain eta maitagarrienak ere odol-tanto bakarra ez du balio”. Odol-tantoak ezik odol-ibaiak hedatu dituzte ta hedatzen holako gaizki-gileek; berriz hedatzeko prest dagoz halako fartzuntziak.
II
Euskal-herria betidanik errotua dagola lurralde hauetan, lasterrenik eta biziki ontsa jakin zuten lehengo euskaldunek ez dela indarraren bidez funtsatu ez den gizarte, lege edo eskubiderik. Beraz, bide horretatik lortu ta segurtatu behar zutela hain beharrezko zitzaioten askatasuna.
“Europe-n barna hedatu ziralarik, indo-europarrek indarraren bidez gibel-arazi zituzten lehenbiziko biztanleak, euskaldunak eta lapoinak beren lurraldetik ihardokiz”. “Euskaldunen arraza bitxi hori, arienek eiztatu ta egotzia”, “menditar arraza bikaina” bilakatu zen noizean behin, salbai, erahile eta lapur-arraza madarikatua gehienetan. Laster konturatu ziren arrotzak nolako gaizto ta balio-gabeko zeuzkaten hemengo biztanleak. Herri honen aurka entzun eta irakurtzen ditugun laido berberak, orobat entzun eta irakurtzen dire mundu osoan zehar, gizarte berezi baten bat menperatu eta suntsitu nahi izatekotan.
“Heien arpegi basa erruki-gabeko eta barbar-hizkera horiek ikaratzen dituzte ikusliarrak.” (Codex Calitinus, c. 1140.) “Eze, nahiz oraiko Euskalherritar bakhetsuek ahantzi duten, dirudinez, bi aldiz gure arbasoak beren Ipharr eta Hegoialdeko hauzoen bildurra izan ziran: lehen aldikotz, Pyrineuz haraindiko aldiriak Garonna ibairako – eta haratago ere – errhautsi, soildu eta bereganatu zituztenean Nafarroko menditarrek; bigarrenekotz, Hispaniaren reconquista zela zio, Nafarrtar Statua eraiki zutenean Afrikatarren aurrkha... bai eta auzo khristauen aurrkha ere. Hauk dira gure historia moderneko egintza nagosiak; hauiengatik batez ere, zuzenbide dugu Euskaldun izenaz burgoi izaitera, enda sentho eta azkarr bat izan garela baiterakhusate”, etc. (Jon Mirande; ‘Euskaldungoaren etsaiak’, 23g. zenbakia ‘Gernika’ albistean, IV-VI 1953.)
Dena den, aberastasun haundiak utzi ez ba-dizkigute, ez-eta zientzi-altxor muga-gabeak ere, gure arbasoen gandik izan dugu, besteak-beste, askatasunaren amodio eten-gabea, bai-ta haren etsaien aurkako gorroto ezin-asea ere.
Erroma-ko despotizgoa gero ta ahultzenago zelarik, german barbarrek “Europe bizkortu zuten”. Horretarako “eman zuten bizi-indar ta orhantza bizgarriak barbartasunetik zedukaten”. “Beren askatasun-gogoak eta demokrazirako oldeak kudeaturik,” “familiako-aitak zuen jabegoa eztitu zuten, mundu klasikean inoiz izana zuen leku goratua eman zuten emazteari”. “Antzinako esklabuek eta langile modernuek aurkitu ez zituzten lekuko-elkargo estuak, barbar heiek eman zizkioten nekazarien menperatutako klaseari, Erdiaro-ko zerbutzaritza gogorrena jasan behar zutelarik ere”. “Aspaldiko munduan esklabugoa bukatzeko matxinada garailerik inoiz ikusia ez zelarik, Erdiaro-ko serbuek irabazi zuten emeki-emeki beren klase-askatasuna, germanen barbartasunari esker”. “Azalez hain agor ziruditen larrehun urte heien etorki haundia bederen, nazioi modernuak, gizadiaren organizazio ta eraikidura berriak Europe-ko hixtoriarentzat”.
Asiar – edo Sortaldar – despotizgoa berriz ere jabetzen ari zelarik Europe-ko sartaldean-goiti, muga gabetan zabaltzetik debekatu zuten beste herri “barbar eta basa” batzuk. Beren askatasunaren aldeko borroka eten-gabekoaren bidez, guztien hixtorioan ere egiteko-berezia bete zuten, feudu-aroa ere holatan idekiz, bai-ta demokrazi berriaren oin-harriak plantatuz ere. Heien artean euskaldunak ere zegozen.
“Hixtorioan agertuak zirenetik, askatasunaren lehia basa ta berezia izan zen euskaldunen ezaugarria. Erromatarrek ez zituzten inoiz ere osoan menperatu, wisigotek ere ez, muslimek are gutiagoz”. “Euskaldunen Duk” izenekoek egindako saio haundiaren geroztik, beste erresuma gotorrago baten muntatzeko ordua zen. “Roncevaux” zirelakoetan irabazleek ontsa ulertu bide zuten hartarako beharra, bai-ta ahala ere. “Berriz ere erakutsi zuten euskaldunek beren gain bizi izateko ahalmena, eta VIII-ko azkenean edo IX-ko hasieran beren erregego sendo berezia eraikia zuten”. “Erdiko Pyrene-etako Euskaldunak, Naparrak izena ematen ziotenak, berenetik bizi ziren heien aranetan. Berek ere, azkenean, konstituzio berria hautatuz erregego berezia sortu zuten, 900 urtearen inguruan argiro ikusten dena”. Erregetza hari bermatuz eraikitako euskaldun Erresuma beti dago gurea, ez-bai-dugu euskaldunoek besterik onhartu, ez aitortu. Hori dugu egun ere euskal-nazioaren erresuma bakarra.
Mundu mugikor haretan, ez zen gauza errexa hauzoekin har-eman egonkorrak gorde ta hazitzea, Friburg-en (887), han jokatu zuten erregegoen ber-ezagutza izanik ere.
III
Ba-da oraindik eztabaidarik, zerk eta zelan bultzatu ta moldaturik gertatu zen sartaldeko munduaren aldaketa alimalea, goiko Erdi-aroan hasi zena (1000-1300).
Feudu-ordreko kondizioetan, indar-oreka, segurtasun, ta askatasun-bereziak lortzen ari ziren Europe-ko herrialde batzutan. Omenez “aro iluna” izan zen haretan, zortzigarren mendetik hama-hirugarrenerako artean, asmaketa ohargarriak agertuak ziren, lurren laborantza, esku-lanak eta merkataritza gero ta emankorrago zetorztelarik. Leku askotan, ardi-hazkuntza zen lan zabalduena. Oihal-lantegiak ugaritu zirenean, ardile-eskea gero ta haundiago egin zen.
Klase, uri eta erresumen arteko beti borrokak izanik ere, beharrezko aldaketek aurkitzen zuten beren bidea. Gehiegiz eskatzen edo kentzen ba-zaiote, zerbuek iges egiten zuten beste lurraldetara edo ta haunditzen ari ziren uri berrietara, hobe-biziaren eta askatasunaren bila. Zerbitzaritza berez ahultzen ari zen, jabe haundiek ere ez bai-zuten horren gordetzeko interesa. Zerbuen lana bera-arau, bas-herrian ere aspalditik zabaltzen zen, hein batez, lan-indarraren sal-erostea. Jabe-eskubideak aldatzen eta egokitzen zitzaizkioten ekonomigo emankorrerako behar berriai.
Ardile ta ardile-jauntziekin pare, ardoak zuen orduan itsas-merkataritzaren zati haundiena, hainbestenaz non iparraldeko itsas legeak hortik sortu bai-ziren. Ardilea ta ardoa zegozen, beraz, gorputzen berotzale, arimen azkartzale ta legeen sortzale.
Lekuz-lekuko merkatu tipiak gaindizkatuz, hasi ziren feiri haundiak. Herri guztietatik ekarritako emaitzak erakusten eta sal-erosten zituzten han, edo-nondikako merkatariak biltzen ziren horretarako. Bestalde, toki hauta zuten hori diru-kontuak eta diru-zorrak egiteko edo ordaintzeko. Champagne-ko feiriak bilakatu ziren, lasterrean, “Europe-ko diru-merkatua”. Italiarrek asmatutako diruaz baliatzeko forma berriak zabaldu ziren hortikan. Eliza-k ere bere debekuak eraiki zituen. “Garrantzi haundiko gauza, feiri guztiak merkataritza guztietarako idekiak zirela, itsas-portu guztiak orotikako ontzietarako idekiak zegozen-ber.” “Hama-bigarren eta hama-hirugarren ehun-urtekoetan, Champagne-ko feiriek bakarrik eratortzen zituzten Europe osoaren merkatariak”. “Italia ta Probentza-tik Flanders-ko itsas-bazterrerainoko bide-erditsuan zegozen feiri lantsuenak.”
Ferietatik lekore, hala ere, lan egiteko ta antolatzeko, ta lanaren emaitzak aldatzeko askatasuna oso mugatua zen, errege, uri-zuzendari, merkatari haundi eta korporazioek emanikako muga herstuetan. Denok ahaleginetan, nor bere alde merkatua hiztekotz. “Hortxe zegoen monopoli-ahalmenaren giltza, merkatuko sarrera mugatzeko ahalmenean”. Askatasun-eremu zegozen aldizko feiriak, bainan hama-hirugarrenean ahultzen hasi ziren, kondizio berrien gatik. Champagne lurraldea Frantziko Errege-ren pean erorita, zerga haztunak ordaindu behar zituzten geroztik hango feiriek. Merkatari-uriek beti-ereko merkatu bereziak muntatzen zituzten, “lehenagotik Italia-n gertatua zen bezela.” Hama-laugarrenean, hama hirugarrenean ez ba-zen, Iparralde-hegoaldeko bidea itsasotik egiten hasi zen, neurri haundian ez zirela merkataritzak lurren erditik eramaten. Diru-kontuak urrundik egiten ziren. Bainan gobernuak eta korporazioak saiatzen ziren aldi berean merkatuen askatasuna mugatzen, monopolioen abantailak berenganatuz. [P: 102.]
Kapitalizgoaren agerpena “bi bide berezitatik” paratu zen. Bata, produkzioaren barruko-eraginaz, bestea merkatari haundien menetik.
Handik sortu omen ziren kapitalizgoaren har-eman goiztiarrak. Eta, ezin-bestean, langile-klase berria agertzen hasia zen, hama-laugarren azkeneko aldian.
Ardilearen lana oso zatitu ta berezkatua zelarik, korporazioen arau estuak nola-bait aldatzeko, ta lanaren organizazioa errezteko ta eragiteko, agertu omen ziren kapitaldun eta langile berriak. Beti ahal-eginetan entrepreneur berriak korporazioen menetik iges egitekotz. Ezin-bestez, urietatik landa ere lantegiak eramaten zituzten, inguruko bas-herrira. [Douglas C. North-Robert P. Thomas: “The Rise of the Western World: A New Economic History”, 152; Marx: 193.]
Beste aldetik, “lantegi haundiek nazio-arteko merkatarientzat lan-egiten zuten. Merkatari horiengandik eskuratzen zuten ekai arrunta, horientzat lan egiten, eta horiei ematen zioten esku-landuzko ekaia. Enplegatzaleengandik lan-saria irabazten zuten, besterik ez”. “Korporazio-maixuak lana ematen zieten enplegatzaleek zapaltzen zituzten; eta, beren aldian, behartuak ziren lan-ikasle ta lan-saridunak berek ere zapaltzerat
Uriek gero ta ahalmen haundiagoa lortua zuten. “Ahalmena haute bourgoisie-aren eskuetan zegoen, kapitaldun horien artean biltzen bai-ziren uriaren zuzendariak.” “Uri bakoitza berezko erresuma tipia bezelakoa zen.” “Hango burgesen ikus-pondutik, heen zerbitzurako uztatzeko zegoen bas-herria, ez besterik.”
“Esku-bidea berenganatu zuten uri haundiek, galde haundieneko ekaiak eskuz-lantzetik auzoak debekatzeko.” “Talde armatuak ere igortzen auzoko herrixketara, ehuldegiak eta bola-ontziak hausten edo eramaten zituztela.” Urien inguruko emakumeek urien lantegietarako ardilea irun behar zuten.
Urietatik pasatzen ziren merkatariek salgaiak erakutsi ta eskaini behar zituzten, urrutirago-baino lehen. Hain indar haundia eskuratua zuten uriek. “Hor beti bezela, berehalako probetxua besterik ez zuen ikusi ahal merkatariak”. “Might is right, agindu hori leku guztietan zen nagusi.”
Europe-ko biztanleak biziki laster ugarituak ziran, malthusiar muga sakratua topatuz, janarien eskas errelatiboa sor-araziz. Lur onenak, lantzeko errexagoak, merkatueri hurbilenak bukatuz-gero, ez-hainbatekoak ere landu behar zituzten. “Aintzira, mendixka eta basoak menderatu zituen gurdiak”. Sortaldeko etortzen ziren janariek lekuko merkatua hartzen ari ziren. Lurreko emaitza ta irabazte mendreagoekin, lurra, lana eta dirua beste moduez baliatzen saiatu ziren. Goiko klaseen eskea eta dirua esku-lantegien egikera ta salgaietara joaten zen. Lanaren sariak behera egin zuen, bainan lurraren eta lur-emaitzen prezioek gora, beste guztiekin konparaturik.
Erdi-aroko kondizioek beti erne zirautelarik, auzi ta herra zahar eta berriak zabaldu ta latztu egin ziren. Lege zaharrek ez zuten geroztik balio heen konpontzeko, berriak inork ez zituen ezagun. Gogo hoberenean ere, ez zekiten nolako lege-arraio gorde, kendu ala eman behar zen. Agintari ta ordezkariak, uriak, lehengo haundiki eta burges berriak, korporazioak, aberats eta ezer-gabekoak, merkatariak, langile ta bas-herritarrak, denak mindurik eta asaldurik beraz elkarren aurka, jadanik zituzten abantailak galdu-beldurrez eta gorde-nahiez, oraino ez zituztenak lortzeko asmoz.
Leku batzutan, ez ziren gauzak gaizkiegi gertatu. Hanse-an bildutako merkatari haundiak, Benezia-ko aintzindari zuhur eta onuragarriak, eta England-go erregetza, saiatu ziren klase guztien oreka ta interesak gordetzen. Bide horretatik, nekazari ta langileen asaldatzeko nahia gabetu, baretu edo legundu egin ziren.
“Hain zuzen, Behereko Herri-etako industri-uri zabaletan, Rhin ibaiaren hegietan eta Italia-n, lehertzen hasi ziren uri-iraultzak”, ezin-jasanez herriak gobernuaren desmasiak. “Horretarako, denak ziren ongi-etorriak, aberatsak eta gabekoak, korporazioen gizonak eta saridun langileak, baita beren aferetatik lekore mugaturik zegozen merkatariak ere”.
Nekazari ta uri-langileak askoz ugariagoak zegozen jazarpenak gertatzen zirenean; falta zitzaizkioten ordean egiatan garhaile ateratzeko behar ziren kondizioak. Organizazioa oso arina, iraupena labur. Askotan, edo neurri haundian, ez zekiten nondik zetorzkioten kalteak eta sendatzeko hartu behar zen bidea. Hala edo nola, aldatu edo oro-bat suntsitu nahi zuten gizarte-modua, haren lekuan zer eta nola ezarri behar eta nahi zuten, ez zuten hortaz ideia haundirik. Orduko munduan, bai-ta gaurkoan ere, hortikan ari direnak, beti galtzale. Erdiko Aroan ba-zituzketen horren berri ez izateko aitzakiak, gurean guk bat ere ez.
“Gehiegiz gabe esan daiteke, Arno ibaiko hegietan bezela Schelde-koetan ere, saiatu zirela iraultzaleak langilediaren diktatorgoa beren arerioen aurka hertsatzen.”
Hama-hirugarren mendeko hasieratik ageriak ziren galtzapen haundi baten goizeko-ezaugarriak. Ondorengo aldaketa-aro luzean, Apokalipsi-ko zaldunak sartalde-ko munduan goiti ibilki, denetan guda, gose ta izurrite, jendea euliak bezela hil-araziz.
Feudu-ordrea higatzen ari zen, gudaren eta pakearen, ekonomigo eta politigoaren aldaketa haundiekin ezin-egokiz. Erresumen arteko eta barruko guda berri haundiagoak aritu ziren, ekonomigo osoaren oztopo. “Aurkitu-berri zuten lur-lantza joria aizeratu zuten sartalde-ko Europearrek, guda haundiz eta borroka zibilez beterikako berrehun urtetan.” Gudaren egikera berriek politigo berria moldatu zuten. Flanders-ko pika-taldeek gainditu zituzten lehenik Frantzi-ko zaldunak. Wales-en hobetutako arku luzea erabiltzen zuten gudariek ere bai. Gurutz-arkua nagusi zen Itali-ko urietan. Bainan gauzak aldatu ziran kañoiak haunditu eta hobetu ziranean, gazteluen eta urien horma ta dorreak ere puskatzen zituztelarik. Burdinez estaliko zaldun aztunek funtsatu zuten beraz feudugoa, arku ta pika luzeak erabiltzen zituzten oinezko gudariek ahuldu egin zuten eta, azkenean, erregeen kañoiek suntsitu. Hainbestez, gero ta garestiago zetorren guda, Errege-ren ahalmena handiago zen, bai-ta zergak ere.
“Erdi-aroko goizean izandako berotea pasatuz-gero, otz bizi ta ezeko aroa ezarri zen Europen-zehar, ‘Izotz-aro tipia’ izenekoa”. Lur-lanen eta uzten galgarri zen eguraldi haren ondorio, gosete haundiak, gizakien ahultzea, heste-eria ta sukarra.
1315-17 urteetan sartaldeko herrialde guztiak erhautsi zituen gosete izugarriak. “Lehenagoko beste edozeinek-baino galtzapen haundiagoak kausatu zituen, irudiz”. Gose, guda eta ohiko-zikinkeriek eriaren bidea paratzen zuten. “Eriotz Beltza” izeneko izurritea, sagutzar beltzarekin egoko lurralde beroetatik etorrir eta erresuma guztietan zabaldu zen (1347-51 urteetan gailurra). Jendearen herena-edo hil omen zen. “Hixtorioan aipatutako izurrite guztietan hura izan zen eztabaidarik gabe ikaragarriena”. Behin eta berriz hasi zen ondoko mendeetan-zehar, beste izurrite beldurgarrirekin elkartuta.
“Izurrite beltzaren mikrobioak urte guti batzutan ekarri zuen askatasuna, hama-bigarren mendeko gogo ausartenek ezin-asmatua izan lukete.” Bizirik atera zirenean, azkeneko zerbuak nolaz-bait askatu zituen izurrite iraultzale ikaragarri harek, jende, janari, lur eta lan arteko kondizioak ankaz-gora emanik, Malthus-en mugetatik urrunduz epe baterako. Bainan izurritearen ondorioak, haundiak izanik ere, “ez ziren aspaldian pentsatu-bezain iraultzale.” “Eriotz Beltza-k lehiatu egin zituen lehenagotikan ari ziren joerak”. Beste aldetik, “England-en, laborariak aberasten eta askatzen lagundu zituen; Frantzi-n, behartzen eta zerbu beteak egiten.”
Kondizio berri ta nahastekatu hainitzen artean, oraingoan ere ez dakigu, ondo jakin, nolakoak ziren, nondik hasi ta bukatu, eta zein ordrez, holako helgaitzak. Aztertzaleen arteko eztabaidak ez dira, gai horietaz ere, agortzeari hurbil.
Beste lekutan, lur-jabeek ez zuten eskuratzen merkaturako eta gudarako ordaindu nahi zuten dirua. Berriz ere estutu egin zuten nekazarien bizia. Sortaldeko herrietan, “bigarren zerbutzaritza” hasi zen (XV-XVI).
Horrenbestez, lanaren prezioak gora egin zuen lurrarekin konparaturik. Lurraren emaitzak merkeago zetorzen, lantegienak garestiago. Lur-jabetasunak forma berriak hartu zituen. Ohialen industri berria zabaldu zenean, muga-gaberik haunditu zen ardile-eskea. Laborantza-lurrak ere ardi-larre egiten hasi ziren.
Ehun Urteetako (1337-1453) Gudaren geroztik, laster itzali ziren Europa-ko feudu-erregegoak. Denen buru, “bere arrakastaren beraren gaitik bukatua zen feudu-ordrea”. “Kapitalizgoaren ekonomi ordrea, feuduzko ekonomi ordrearen sabeletik sortua da”. Aldaketa oro lastertzekotan, indarra izan zen “lehenagoko-soziedadearen emagina”. “Bere xularme guzietatik odol eta bustin zariola etorri zen kapitala mundura”. “Indarra ekonomizko-egile bat dugu”. Bai-ta askatasuna ere. Politigoaren ahalmen haundiagoak neurriztatu eta banakatu egiten zirenean, aurrera egin zuen demokraziarako indarrak.
Hala ere, oso emeki hasi ziran gauzak hobetzen, hama-bostgarren mendean-gora, gosete, izurrite ta gudak beti behin eta berriz itzultzen zirelarik. Azkeneko urteetan, eta hamaseigarren hastapenean, hein batetan baretu-egin zen mundu penagarri hura. “Hama-seigarren ehun-urtekoan, izurrite-gabeak azaltzen digu, beharbada, holako fenomenoa. Goseteak ez ziren oso haundiak, lehengo mendekoekin konparatuta. Beste aldetik, hain usu gertatzen ziren gudak non, hamaseigarren mendea osorik kondutan hartuta, hogeita bost urte bakarrik pasatu bai-ziren neurri haundiko borrokarik gabe. Ba-darik ere, orotatikan jendetza ideki ta zabaldu zela agertzen da.”
Hama-zazpigarren mendean, izugarrizko hotzetik hasi zateken nahigabe berrien katea, ondu baino lehen lur-emaitzak ustelduz, ibai ta itsas-bideak izoztu ta ebakiz, janari-eskas errelatiboak berriz ere gosete-izurrite berrientzat funtsezko-kondizioak ezarriz, beti gudak eta zikinkeria lagun. Nola-baiteko gudak eten-gabean ari ziren. “Hama-laugarren ehun-urtekoan ez gertatukoa, hama-zazpigarrenean eriotzaren mezulariak etorri zirenean sartaldeko Europe honetara, ez ziren herrialde guztiak berdin gogorki eta ondorio berekin kolpatuak.” Erlijio-gudak pasatuz-gero, Hogei-ta-hamar Urteetako Guda ikaragarria-k (1618-48) erautzi egin zituen europear erresumak, ehuneko 40 biztanle galdu ziretekela erdiko lurretan, aztertzale batzuren iritziz. Gudariek izugarrizko sarraskiak egiten zuten, batez-ere bas-herritarren artean, aldi berean gose, izurrite ta beste eritasun zabalduz.
Holako gauzak ez ziren halabainan orotan berdin gertatu, nahiz-eta, hixtorio konparatuari so, maizetan atzematen diren iduriko eta elgarrekilakoak. “Holland-en, aldatzen ari ziren kondizioek merkatari-oligargo batera bideratu egin zuten. England-en, borroka-urteak iraganez-gero, Koroiaren gainetik parlamentiaren jasotzera. Eta bietan, ekonomigoaren haunditze egonkorrera”. Giza-elkarteak bateratzen, bereizten ta zatikatzen zirelarik, bide beretik errelijioak ta pentsaera guztiak ere. “Ikuspegi frango zedukan egiak, maizetan errelatibua zen. Erakaspen hori beretu ta aprobetxatu ahal zuten nazioek berentzat ukanen zuten etorkizuna.” “Frantzi ta España-n, gradoz-grado, ordezkari-batzordeen ahalmena alde bat egotzi zuen errege-indarrak, eta produkzio-eragile zen ekonomi-egikera hondoratu. Erortzea errelatibu izan zelarik Frantzi-ko kasuan, España-n berriz erortze absolutua gertatu zen”.
“Jainkoek benedikatutako” ugarte haundian, zazpirehun urteko bide luzearen beharra izan zuten herritarrek, feudugotik demokrazi modernura igarotzeko, hixtorioaren zentzua eta zoriona alde zituztela. Bainan Asiar edo Sortaldar dezpotizgoa berez alda zaitekena? Dena den, argi dago horren pean mendez-mende egondako erresumetan ez zutela aro berriari egokitzeko behar zen politigoa.
Hama-zortzigarren mendea aurrera-arau ordean, berriz ere aldatzen ari ziren ekonomigoaren orotako-kondizioak. Aroaldearen berotzea, teknik-berrikuntzak eta merkataritzaren zabalkuntza, partez behintzat fisiokraziaren ikuspegitik kudeatu ekonomigoa, inoiz ez ikusitako ugaritasuna, denak herriaren egoera hobetzeko bidean. Horrenbestez, lanerako trabak luzaran ahuldu-arau, langile-klas berrietarako kondizioak agertzen ari. Erresumen bermantza ta oreka hobeak, pake haundiagoa eta gudaren muga ta lege berriak, hortan zetzan aurrera egiteko beharra zen politigoaren funtsa. “Holatan ulertu behar dugu erresumen arteko oreka”. Bainan “Erresuma ta nazioen interes haundi ta tipiek nahaste aldakor eta korapilatua moldatzen dute”. “Holako joerak status quo delakoa bermatzen du, ez aldatzen”. “Gudaren egin-bidean eratutako berrikuntza gehienak ez dira gogoaren asmaketa ta joera berrietatik atera, gizarte-kondizio berrien ondorio ditugu”.
Hainbestenaz, herrien askatasuna ezin-bestezko beharra gero ta argiago agertzen zen, aro modernuetan abiaturik. “Hizkera bateko herri-taldeak finkatuz-gero, horietan funtsa hartu zuten erresuma berriek ere”. “Naturazko-mugak hizkera berezi horiei egokitu zitzazkioten, bai-ta elkarren ganako lehiari ere”. “Nazio berezi batzu metatzen duten erresumak, gibel-egoera batetan gelditurik agertzen zaizkigu”. “Kondizio modernuai hobekiago dagokioten erresuma-forma, nazio bateko erresuma dugu”. “Kapitalizgoaren desitzulikatzeko kondizio onenak eskeintzen dizkigu nazio-erresumak”.
IV
“Netherland-ak hainitz feudugoz konposatuak ziren”, Europe-ko lur eta itsas-bideak kurutzatzen ziren leku berean. Goiko Erdi-aroan nabari ziren hor, sartaldeko mundu osoan zabaltzen zen aldaketa harrigarria, lur-lan, merkatu, uri ta lantegietan.
Orotako kondizioak hobetu-arau, gose ta izurriteen “laguntzarekin”, lortu zuten nekazariek zerbutzaritzaren itzaltzea (XI-XIV), zuzengabe zaharrak, bai-ta berriak ere, ez ziralarik horrenbestez desagertu, halako neurrian behintzat.
Bertan hasi zen industria, “hain goizean eta holako ondorio ohargarriekin inongo beste lekuetan ez ikusia.” “Ohialak sort-arazi zuen urien aberastasuna”. Itsasoz eta lurrez gotortzen zen merkataritza berria. “Osorik ikusi-ta, industri ta merkataritzan ari zen uriz moldatua zen” hango gizartea. “Hama-bigarren mendeko-ko harartean, Flanders bere osoan bolatzale ta ehule-herria bilakatu zen.” Flanders-ko ohialak aspaldiko eta orotan preziatu ta famatuenak ziren. Hain finak eta hain politak ziren non edo-nondik eskatzen bai-zituzten, “ohial-eskulana inoiz-ez ikusitako neurrian zabaltzeko eran.” “Hamargarren mendeko azkenean, hango ardilea beharren betetzeko haina ez izanki, England-tik etor-arazten zituzten”. Handikako ardilea nasai eta finena zen eta, horren gainean, “England hurbilean izanez, besteek-baino ugariago eta kondizio honenetan ardile bikain hura eskuratzekotz parada ezin-hoberik zedukaten.” “England-go ardileen gorengo kalitateak hobetu zuen alabainan ohialarena, haren ospe ta salpenak oraino haundituz.” Hango ardilea eta hemengo ohiala berenez elkartu ziren. Elkargo horrek zirauno, pake, ongi-izaite ta aurrerako bide izan zuten biztanleek. Bukatu zenean, hasi zen Ehun Urteetako ixkanbila haundia.
Esanik bezela, ohialgintza leku orotan ari zen, burges berri haundiek bas-herrian muntatzen zituztela lantegiak, urien eta korporazioen traba atsekabeetatik iges egitekotz. [North-Thomas: 144-5, 152; P: 208, 210.]
Flanders-ko urietan, orotako kondizioengatik, kapitalizgoa hedatzen hasia zen bere ondorio guztiekin, nazio-arteko ta barruko klase-borroka modernuen kondizioak ezarriz, inor ohargabean. “Ezaguna zaigun lehengo lan-oporra, Douai-n gertatu zen, 1245-an”.
Uri-merkatarietan bas-herritarren lana eta kanpoko merkatarien egikera indarrez ere mugatzen edo berenganatzen zituzten. “Merkatu berri bakoitza bere aintzinekoa-baino zabalagoa zen.” [P: 102; North-Thomas: 55, 135, 153.]
Gizonen arteko kontraesaerak inon-baino askoz haundi ta saminagoak zegozen Flanders-ko uri ta bas-herrietan. “Inoiz ere gerokoan, ez Jacquerie zelakoan (1357-an) eta ez England-go jeikialdian (1381-an), ez ditugu ikusten sartaldeko Flanders izu gorrian eman zuten indarkeriak” (1322-8). “Honen iraupen luzeak aise erakusten du ez zela jende lander eta ahularen lana.” Ez zen han Frantzi-n sufrituko zuten gosea, ba-zen England-en ere jende xehearen zapalkuntza; bainan lehia ta gorrotoak inon eta inoiz-ez bezain pozoindurik zegozen. Hango bas-herritar ausartak urietako langileekin nola-bait elkartu ziren orduan, lur-jabe, aberats eta agintarien aurka.
Ardilearen lana oso zatitu ta berezkatua zen-ber, ohial-lantegietako ehule ta bolatzaleen arteko lixkarrek nahaste ta ondorio larrienetakoak izan zituzten (batez ere Gant-en 1340-61), borroka horik barruko eta kanpoko gudekin nahastuak zetorzelarik. “Ezin-ulertua zuten merkataritza haundiaren eta kapitalizgo berriaren izaera, saridun-klase baten segurtasun-eza, krisien miseria eta lan-gabezia zituztela beren etorkizuna.” Horrenbestez hondoratu egin ziren lantegiak. “Orduan-danik hasi ziren hango langileak England eta Firenze-aldera iragaten” (1350-aren inguru).
Batzutan, garaile atera ziren langileak, ahalmen osoa berenganatuz. “Etsenplu baterako, Liegen, ehun urte-baino luzeago tinko egonez-gero, amor eman zuten haundikiek azkenean eta ezin-bestean.” Dinant, Gant eta Ypres-n hango korporazioek eskuratu zuten urietako agintaritza.
Oihal lantegiak Gant uriaren barnean gordetzeko asmoz, lasterrik (1297, 1302, 1314) hasiak ziren hango udalak, gilde ta korporazioek beren monopoliak gotortzen, merkatu-askatasuna mugatuz edo berdin suntsituz.
Lan-modu berriak hertsatzen zituzten gilde, korporazio, udal eta errege-arauak ahuldu edo kendu-egin ziren pausoz-pauso edo borrokaz-borroka (1225, 1237, 1280, 1302, 1323-1328, 1337-61, 1382), lan eta klase-egikera modernuak ager-araziz. Askatasun berriak mugatzeko edo-ta atzera egiteko legeak ez ziren horrenbestez bukatuak (1537, 1614, 1649).
Oso goizetik konturatu ziren Burgundy-ko dukeak produkzioa ta merkataritza eustean eta bultzatzean zutela beren interesa, beren mozkinak ere hondoratu eginen lituzketela ordean, urrezko-arrautzen oilo errulea hil-zorian emanez neurri-gabeko zergen pean. Nolaz-bait elkartu ziren beraz dukeak eta merkatari argituenak, biltzar generala eta probintzien ordezkariak, gobernuaren ahalmena mugatzeko eta korporazio eta beste monopolioen arau estuak leguntzeko, lanerako askatasuna segurtatuz, denen probetxu. Bide horietatik, lan-tegien egikera berriak, merkataritza, arrantza eta lur-laborantza joria bultzatzen zituzten. Bainan, italiarrek ez-bezela, itsas-merkataritza atzerritarren eskuetan utzi zuten.
Hoin laster, Europe-ko feiri haundienak eta luzerako merkataritza modernua beren eskuetan zeukaten Behereko Herri-ek. Edonondikako nazioek zituzten Brujas-en beren magazin eta kontsul-etxeak, bizkaitar nazioa-rena ohargarrienetakoa. Itsaso batetik bestera zabaldutako erresuma hura europear ekonomigoaren ardatza bilakatu zen. Klaseen arteko oreka berria heldu, erlisio, hizkuntza, kultur osoan halako askatasun-haize berri emankorrak zabaltzen ziran. Lehengoan Brujas, Gant, Ypres eta beste egon ziren aurreratuenak. Gerokoan, hango “korporazio malthusiarrak” eta Frantzi-ko Errege-ren zerga hondatzaleak produkzio indarrentzat oztopo bilakaturik, Anvers eta Amsterdam. Kultur-bideak orobat berriturik, emaitzak nabari dagoz orduko jakintsu, idazle edo margolariengan.
Hango aberestasuna ikusiz, auzoko erresumen gutizia biltzen. Pake-aroan ere pausatu-gabe, pirat eta korso-gileek bai-zuten “ikaratzen holenfrasen ibarra”. Frantzi-ko Errege-re n haundi-nahia, erasoak eta zergak ezin-jasanez, kemen eta hazkarki ihardoki zioten biztanleek, bainan kosta beldurgarriarekin (Courtrais, 1302; Sartaldeko Flanders, 1322-8; Mount Cassel, 1328; Gant, 1337; l'Ecluse, 1340; Rozebeke, Beverhout 1382), frantziarren eraso ta mendekuak ohi bezela erruki-gabeak izanez. Cassel-en irabazirik, sarraski izugarrian, gudari, langile ta laborari, gizon, emazte ta haurrak garbitu zituzten milaka ta milaka. Hola ere azi zen iraultza berria, Burgundy eta England-en alde Ehun Urteetako Guda luzean parte harturik.
España-ko gobernua aldiz nagusitu zen gerokoan, Hamazazpi Probintzi-en lege ta eskubide oro oinperatuz. Luzaro gabe hasi ziran Inkisizioaren ankerkeriak (1523-an hasia zen holandar fede-gaiztokoak bizirik erretzen), neurri-gabeko zergak eta besterik (Gant 1539). “Zorritsu” zeritzatenen eskaera apalak ere mesprexaturik, hasi ziren matxinada ta jazarmenak (1566). Ezagun zuten – eta duten – arrapostu bakarra egin zuten españarrek, su-odoletan eta ikara gorrian herria emanez, muga-gabeko indarkeriaz abertzaleak edo “fede tzarreko” jendeak milaka erahilez. Talde harmatuen desmasiak-beste, “Odolaren Tribunala”-k (1567), ez zuen oztoporik bostehun lagun egun bakarrean heriotzera bidaltzeko. Zergak gero ta larriago, kapitala bera ere kolpatzen zutelarik (1572), ekonomi osoaren aintzinera ebakiz.
Handik beretik, gero ta hobeki ikusi zuten biztanleek askatasun osoan zegoen bide bakarra, pakea, lana ta giza-eskubideak berriz irabaz ta segurtzekotz. España dohatsu hura urrunxka zegoen, eta inguruko indar-konstelazioa alde zeukaten herritarrek. Frantzi-ko Hugonoteen sarraskiak (1572) ondorio larri izanik ere, Tudor erregegotik gero ta laguntza haundiagoa zedukaten (1585-eta). Utrecht-ko Batasun berriak (1579), askatasun-erabakia hartu zuen (1581), España-ko “tiran eta krime-gileak” lehen-bai-lehen kanporatu behar zirela aldarrikatuz. Ezin-hertsia zen hoinbestez atera-bidea, gostarik-gosta askatasun betea lortzeraino (1648). Izurriteak behin eta berriz kolpatu-arren (1623-5, 1635-7, 1654-5, 1663-4), inoiz-inun ez ikusitako heinerat gora egin zuen Herri-behere-etako biztanleen bizi-moduak, lehengoa galdurik ere England-go ahalmena gotortu egiten zen neurrian.
V
Britain Haundiko England-en hain zuzen, sartalde osoan bezain laster hasia zen “aurrerako ibilkera”, alde bereziak izanik ere.
Errege-ren eta jaun haundien ehize-baso alimaleak baso-lege bereziek gordeak zituzten. “Baso-legeak xede bakar batera zuzenduak zegozen, abere salbaiak gerizkatzera, bide horretatik ugarian aurki bai-zitzakeen Errege-k, ehizean ari zelarik.” Saxonen erregegoan ere ba-zuten holako legeak, bainan normandek hainizki zabaldu zituzketen. Bainan Plantagenet erregeek ehizean-baino nahiago omen-zuten gudan eta, horretarako dirua izatekotz, berandu-gabe saltzen hasi ziren basoetan zuten eskubide batzu.
Gehiegiz eskatzen edo kentzen ba-zaiote, zerbuek iges egiten zuten beste lurraldetara edo ta haunditzen ari ziren uri berrietara, hobe-biziaren eta askatasunaren bila. Zerbitzaritza berez ahultzen ari zen, jabe haundiek ere ez bai-zuten horren gordetzeko interesa. Hiru alorretan banatuz egiten zen lur-lantza berria larrehun urte besteetan-baino beranduago sartu zen erresuma haretan, ongi-baino kalte ekarri bai-luke lehenagoko kondizioetan.
Leku askotan, ardi-hazkuntza zen lehengo lana. Ohial-lantegiak zabaldu zirenean, ardile-eskea gero ta haundiago egin zen. [Marx: 156-8; Stanton: 130-54.]
Ohial egiteko lan-tegiak zabaldu zirelarik, ugarte haren ardileak, Europe-ko nasai, fin eta merkeenak izanez, nahi bezela saltzen ziren. Hango ardilea, Flanders-ko ohialak eta Bordelais-ko ardoa lekuratzeko jin-joanak eginez zabaldu zen ugarte haundiaren merkataritza.
“Ez dugu gauza haundirik ezagun Erdi-aroko ardiari buruz, bainan irudi du bi motakoak zegozela.” Behar orotarako balio zuten eta edonolako patarrean bizi ziren ile laburreko ardiak alde bat utzi-ta, lur onenak larre hartzen zituzten ardi ile-luze berriak zabaldu ziren. Ardien hazteko, ez zen zerbu edo saridun ugariak hersatu ta ordaindu-beharrik. Aski ziren artzain guti ta sakabanatu batzu lana egiteko, lasai ta pakean jabearen irabazi haundiak sort-arazteko. Hala ere, “ez da aieru, lur-landuak lehengotik ardi-larre itzuli zituztela uste izateko.” [North-Thomas: 152-3. Kapitaldun berriak, ikus: III; Maurois: 173; Marx: 192-3; Dobb: 43-7, 59-1. P; Myers: 40-7; Lepage: 110; North-Thomas: 25-6.]
“Normanden konkestaren ondorioz, Errege-en gobernu ta administrazioa zabaldu ta gotorturik, oro bat jaun haundiak eta Eliza ahultzen ari ziren. Uriak eta merkatari-klasea hemekian hazten zirela, ahalik-eta denak elkartu ziren eta jazarri (1214-16, 1258-67), Errege'ren ahalmena mugatu-beharrean, zerga berriak gibelatuz, lege zaharrak errespeta-araziz (“Magna Carta” 1215, “Provisions of Oxford” 1258, “Provisions of Winchester” 1259, “De tallagio non concedendo” 1297, “Confirmatio Cartarum” 1297).
Hain haundiak ziruditen “Magna Carta” izenekoak on-hartu eskubideek, non Erromako Eliza-k eta Frantzi-ko Errege Saindua-k arbuiatu bai-zituzten, Errege-ren ahalmen berezia ez-deusten zutela (1216, 1261, 1264). “Ez da erresuma baten agerpenik, hixtorioaren iraganean holako eragina egin duenik, eta eragin hori ez da oraindano ere aizeratu.” Azkenean guda galdurik ere (Lewes 1264, Evesham 1265, London 1267), betirako elkartuak ziren zaldun tipiak eta merkatari haundiak, bai guda-zelaietan bai-ta Kontseilu Haundia-n, etorkizunerakotz parlementiaren bideak apailatuz (1239, 1259, 1265, 1297). Handik honera, instituzioetan eta egikera arruntetan, klaseen arteko har-emanak errez eta oztopo-gaberik gertatzen ziran, berezkuntza gogor baten kalteak kanporatuz.
Feudu-ordrea higitzen ari zen, guda ta pake, ekonomigo ta politigoen kondizio berriai ezin-egokiz. “England Erresuma-ri so egiten dugun urrunean, 1259-an, lehenago ez ba-zen, hasia zen gudan-egoite luzakorra, Ehun Urteeta-ko Guda bera ere haren segida izanez.” [Myers: 3; Maurois: 165.] Scotland eta Wales menperatzeko borroka zailetan, gudarako izkilluak erreberritu ziren. Welshen arku luzearen eraginaz baliatuz lortu zituzten Crezy (1346) ta Azincourt-ko (1415) garaitza harrigarriak. Jende asko aberastu zen holako gudatean, bereziki borrokalari armatuak berak eta janariak eta jauntziak eskurarazi zizkiotenak. Gudak eta gudarako diru-beharrak parte haundia izan zuten Errege-ren ahalmena haunditzeko edo mugatzeko, klaseen arteko oreka gorde edo-ta aldatuz.
Luzaroz, England-tik kanporatzen zituzten salgaiak ekai arruntak ziren. England-go gobernua berandu-gabe hasi zen, bere aldetik, barruko merkatua hersten, muga-zerga berezien bidez gerizatzen eta beste (1331, 1337, 1455, 1463-49), England-go esku-lantegiak lehenbailehen gotortzekotz. Bide horietatik, Ehun Urteetako Gudarako (1337-1453) ekonomi-kondizioak eta guda-elkargoak apailatuak zegozen. Flanders-ko oihal-lantegiak hil-zorian ikusiz, England-go ardilea eta saltegia gabe ez-bai zuten lan-egiterik, Gant-en berehalako matxinada jaiki zen. Hala sortutako guda luzea aro baten eta mundu baten azkena izanen zen.
Lehenik esan bezala, hotz, gosete, izurrite ta beste, erresuma guztietan bezela zabaldu ziren Britain Haundian ere, behin eta berriz itzulirik (XIV-XV). “London uriari bakarrikan so eginez, hamalaugarren ehun-urtekoan hogei aldiz zabaldu zen izurritea”. Eriotz Beltza denetan ari zen, oraindik bizi zirenen har-emanak aldatzen eta kapitalizgorako bideak zabalduz. [Myers: 10.]
Gero ta neurri haundiagoz, Errege-ren basoak, bas-herrien larre ta “lur idekiak” murriztu ziren, lur-lan eta abere-hazkuntza berriak zabaltzeko eran. “Izurriteak gabetu egin du jaun haundia, etxetiarra aberastu. Bide latz horietatik, lan-kondizioak hein bat laxotu egin ziren. Nekazarien zerbitzaritza bukatua zen, kondarrak ezik. Ez zuten jaun haundiek lurrak lehengoan bezela lan-arazteko biderik. Lan-askatasuna lortu-berria zutenek ez ziren indarkeria hutsaren pean lanari lotzeko prest.” [M: 46-7.]
“Ordinance of Labourers” (1349) eta “Statute of Labourers” (1351) famatuak oso laster eman zituzten. Arau horien bidez ekonomigoaren eragina “izoztu nahi zuten”. Saiatu zuten, bereziki, lanaren saria izurritea hasi-baino lehenagoko heinerat itzul-arazten. Bainan holako saioak hutsean erori ziren azkenaz-goiti, ekonomigo berria ta herriko ahalmena kontra zituzten-eta. Geroztikan, eten-gabeko “Statute of Labourers, Laws and Acts of Settlement, Poor-Laws, Health Acts, Statute of Artifices” sortu, hobetu, aldatu edo zeaztu egin zituzten. Handik bertandik ongi ikusten zen ez zutela holako legeek ondorio haundirik edo, ondorioa izanik ere, ongi-baino gaizki ekartzen zutela. [Lur-jabeen egikera berria; Myers: 47.]
Bas-herri eta urietako langileen matxinada haundia (1381) maltzurkeriaz ahuldu ta gogorkeria basaren pean lehertu-egin zuten, holako klase xumeen ahalmen eta egin-bideen mugak ager-araziz. “Flanders-en gertatuarekin konparatuta, England-go jazarpena ez zen izan basherritar klaseen miseriaren gatik sortuagoa. Hama-hirugarren ehun-urtekoan gora, beren bizi-modua oso hobetua zen”, eta hama-laugarrenean, zorigaitz haundien ondorio, berriz ere hobetu. Horren berhorrengatik ezin-jasanak zitzaizkioten oraindik falta zituzten eskubideak. Beren asarre ta indarra erakutsi-arren, “alferretan egin zuten holako matxinada, ez basherritarrek eta ez beren gidariek ez bai-zekiten, garbiki, zer egiten. Aro haretako matxinada guztiak bezela, beti berdin bukatu zen, sarraski odoltsu batekin.” [Myers: 16.]
[Maurois: 149.] England-go lur guztien parte haundiena bere eskuetan zedukan Eliza-k, bainan galdu egin zituen bere jabego alimaleak (“Act of Supremacy” famatua emanez-gero, 1534-39). Horrenbestez, hango lurretan zituzten abantailak galdu zituzten basherritarrek ere. [Lur-jabeen egikera berriak.]
“Ardile-eskeak ez du mugarik, prezioak gora bermatuz.” Laborarien jabego tipiak eta lur-komunak gero ta neurri haundiagoan desegin zituzten (XV-XVIII), alorreak zegozen lurretan larre berriak egiten. Lehengoan pausoz-pauso eta denen baimenez ba-zen [Maurois: 240; P: 193-4; Marx: 158-0, 164-5], gerokoan legez ta lasterrik, denak modu berrien alde ziratekela, nekazari tipiak ez izanik. “Bills for enclosures of commons” izenekoen bidez, “haundikiek elkarri eman zizkioten besteen lurrak”. Muga gaberik zabaldu zen mugimendua. [Marx: 158-9, 163-5; Keir: 365; Medley: 432.]
[Keir: 158, 365-6, 422.] Alde egin zuten ezin-besterik, debekatzen ez ba-zioten, urietan bizi-bide berri baten bila. […] Hainitzak kolon-eremu berrietara, erresumaren hedatze haundiarentzako gizakiak emanez. Beste ugariak, bideetan zehar ibilkari, etxerik ta bizi-modurik gabe, miseria gorrian. Hola gertatu ez zen lekuetan bas-herritarren lur-lana herstuago ta ordain-gutiagoko heldu zen. “Bigarren zerbutzaritza” jabetu zen sortaldeko herrietan. Batzuren aburuz, zoriontsuagoak izan ziren England-go nekazariak beren lurrak galdu zutela-ta. Goazen hortan. [Maurois: 240; Yeomen, gentry lur-zalea, urien langiledi berria; Myers: 51, 139; Marx: 163; Pirenne: 207-8.]
Holako nahi-gabeez konturaturik, berandu-gabe ahal-egindu ziren Errege ta Parlamentia lege ta eskubide zaharrak gordetzen merkatuaren jokoa eta lanaren askatasuna mugatzen, lan sariak izurrite haundian baino lehenagoko heinerat itzul-arazten, laborariak beren lurretan eta lanetan egon-arazten, jabego tikiak eta korporazioen ohizko-egikerak zaintzen, miseri gorrian eroritakoak gerizatzen, segurtasuna eta pakea berriz lortzeko asmoa “gaizkigileak” suntsitzen.
Ohointza ta beste, gero ta usuago beraz, legeak gero ta gogorrago, ez bakarrik lapur eta erahileen aurka, bainan “beren-nahizko” lan-gabekoen ere bai, horien erruz sortzen omen bai-ziren gaizkiegileak eta langile onen zama berriak. [Medley: 432, 436. Azkenean, zearo aldaketa berrien alde aritu ziren Errege, biltzar haundi eta juje. Marx: 164.]
Han-artean, “naturazko hondapenak” legundurik zegozen, esandako iraultzak eta gudak-beste berriz ere izurrite beldurgarriak jasanik (1603, 1625, 1636-7, 1665, azkeneko hau London-go sualdiak garbitua). Bas-herrietan urietan-baino lasterrago bukatua zen. Bas-herrien laborantza ta abere-hazkuntzaren teknigoa, emaitzak eta merkataritza askoz hobetu zituzten, bainan jende xehe hainitzek lurrak, abere ta bizi-modua galdu bide beretik. [Myers: 215-8, 53-4, 45-6.] Laborariek eta urietako jende xeheak zurkaitzen zuten maizeko jazarpen berriak errezago zapaldu zituzten, behin eta berriz erruki-gabeko mendeku izugarria jasan-araziz, (haundienak: Cade, Kent eta Monmouth-ek gidatuak, 1450, 1548, 1685). Lanerako askatasuna mugatzeko legeak ez ziren hoin laster bukatuko (1871).
Legeak Jainkoek, gauzen izaerak edo arrazoinak emanak zizkiola gizonai, beti-danik gordeak zirela eta aldatu-gabe betirako gorde behar zirela, hura zen antzinako ikuskera. Ideia zahar harek kolpe haundixea hartu zuen honenbestez. Lurraren jabetasuna, langintza, Errege ta parlamentien arteko har-emanak, lege zaharra aldatzen ari ziren denen agerian. Eliza-ren Erreforma-ren karietara [F: 107] elkarren kontrako lege-andanak eman zirenean, “itsua izan behar zen legeak egiten zituztenak giza-kumeak zirela ez ohartzeko.”
Arraintza eta merkataritza zirela-ta, itsasoetako askatasun haundia lortu ta zaindurik zutelarik, (“Intercursus Magnus”, 1496), Bordelais-ko ardoak, Flanders-ko ardile-oihalak eta besteak ekartzeko monopolia bereganatu zuten azkenean ugarte haundiaren itsas-ontziek (“Navigation Acts”: 1381, 1485, 1651).
Ehun Urteetako Guda galduz-gero, lur-jabe haundiek elkar ezerreztu zuten abantzu, Bi Arrosetako gudaroan. Ororen buru, Tudor erregeak atera ziren neurri haundian garaile, esandako kondizioak errespetatzekotan eta beren ahalmenaren mugak ezabatu gabe.
Erdiratutako administrazioaren ahalmena oso mugatua zen, “Self-governement” zelakoak lekuko egikera guztiak beti bere eskuetan zituelarik. Jujeek sustengatuko ohiturazko lege zahar eta parlementiaren lege berriek erregeren indar berezia gainditu zuten. “England-go konstituzioak feudu-ordrea eta common law delakoa ditu guraso”.[Keir: 316.]
Beste aldetik, “Frantzi ta España-ko erregeak akomeatu zirelarik Erromako Elizarekin erregego absolutuak eraikitzekotz, England-go erregeek parlementiaren kidegoa on-hartu zuten Erroma-ko Eliza kanporatzekotz” (Act of Supremacy, 1534). “Orduko bi erresuma katolik-ahaltsuak elkartu ba-lira haren lehertzeko, galdua zen [England-go] erregego tikia. Habsbourg eta Valois-tarren arteko etsaigoak salbatu-egin ditu Tudor erregeak”. Etsaien oreka gorde ta lagundu behar zelako ustegoa betirako atxikia zeukaten ugarte haundian, “Gods' own people” bikainaren onerako.
Errege-ren zergak merkatuetan, ferietan, eta batez ere itsas-portuetan eskuratzen zituzten. [Previte: 893.] Burgundy-n bezain lasterrik ulertu zuten [England-go] koroia-dunek produkzioa eta merkataritza zituztela aberestasun-iturri egokiena, eta askoz artexago zela denen aberestasun haunditik halako zati tipia eskuratu, ororen ontasuna hondoratu-baino denen gabetasun eta miseriatik zati haundiegia kenduz.
“Merkatarien menpean dago oraingoan Errege, haren parlementietan sartzen dire, haren Exchequer osoa heiek bakarrik hazten dute. England-en kanpoko-politigoa heientzat eginen da geroztikan”. Bai-ta barnekoa ere, neurri haundian.
Errege-k, gilde eta korporazioek galdu zuten ekonomigoa hersteko ahala. Lan-egiteko askatasuna eta idei berriak asmatzeko ta erabiltzeko eskubideak gero ta hobeki segurtatuak zegozen (“Case of Monopolies” 1602, “Statute of Monopolies” 1624). Ez ziren holako neurriak moral-printzipio abstraktu baten gatik ezarriak, intres “zabar”-ren zerbitzurako baizik: konturatuak ziren hango ta orduko merkatari ta lantegi-jabe bihotz-gabekoak, lana mugatuz eta ideiak ebatsiz erresumaren aberestasun-iturriak legortzen zirela eta agortzen. Hortan ere datza besteak-beste herri atzeratuen eta aurreratuen arteko “gap” uste-gabekoa. [North-Thomas: 144-5, 152-5.]
Ez zuen Errege-k zergak ere legez ateratzeko biderik, parlementiaren baietza lortu beharrean egonez. Muga horietatik ateratzeko, indar harmatu askoz-haundiagoak behar izan lituzke Errege-k. Inor ez zen, ordean, holako xede baterako diruaren emateko prest. (England-go herria hain errege-zale da, non beste nazio zibileztatu-ek baino errege gehiago aldatu, erbesteratu edo hil arazi bai-du). Eguneroko bizian ikasi dute, hortikan, ez dela inolako gobernuari fidatu behar, gehiegizko ahalmena eskuratu duelarik. [Myers: 139; Bindoff: 52-3.]
Auzoko Scotland and Wales nazioekin parekaturik Britain Haundiko erresuma indartsuena izanez, ez zuen England-go Erresuma-k indar harmatu haundien beharrik. Ugartetasuna baliatuz, itsas-haraindikako erasoen baztertzeko ere, aski zitzaizkion itsasoaren jabegoa segurtatzeko behar ziren araberako itsas-ontziak. Alta, “itsas-ahalmena ez da egokia barruko edozein etsairen aurka”. Horrengatik, besteak-beste, Frantzi-ko Erregeren indar harmatuek “Fronda zapaltzen zuten ordu berean, Cromwell-en New Model Army zelakoak garaitzen zituen England-en Errege-ren gudari-talde xumeak” (Edgehill 1642, Marston Moor, Newbury 1644, Naseby 1645, Preston 1648). Bi kasu berezi horietan, nagusitu zen, beti bezela, indar edo berdin indarkeria haundiagoa bere-zedukana. [1688; Marx: 164.]
Denen buru, demokrazi modernura zeramaten pauso ohargarrienetakoak eginak zituzten. (Lehenago aipatutako legeak-beste: “Case of Prohibitions”, 1607; “Case of proclamations”, 1611; “Petition of Rights”, 1628; “Grand Remonstrance”, 1641; “Nineteen Propositions”, 1642; “Habeas Corpus Act”, 1679, 1816; “Triennial Act”, 1664; “Bill of Rights”, 1689; “Act of Settlement”, 1701.) “England-en bizirik dagon gauza lehena, herriaren nahimena dugu. Berak odola bidaltzen du gorputz politikoaren buru ta adar guztietara”.
VI
Erresuma “haundiak” beti haundi-nahi, beti indarkeriaz haundiagoak izateko ahaleginetan ikusten ditugu. Ez bai-da gauza harrigarria: Zertarako eztabaidetan ari, besteak zapaldu ahal izanik? Zertarako lan-egin, auzokoen lana eta ondareak ebatsi ta etxeratu ahal izanik? Hola egin ziren inperio haundiak. “Zer dira inperio haundiak, lapurtzale-talde haundiak ezik?”
Beren gain bizi ziren gizarte tipiak, beren bide berezietatik ari ziren mundu berriaren funtsak ezartzen. Heen artean ere ez ziren noski bat-ere falta, guda ta liskarrak. Ezaugarria benetan, herri ta erresuma tipi eta erditsukoen egikera ta emaitza joriak eremu guztietan, lerro batzutan ezin-azalduak. Gogora behar da England bera ere, Britain Haundiko ugartetasunaz hala-beharrik kerizpeztatua, erresuma tipi horietan eman behar dugula, Frantzi ta España-ko erregego alimaleekin konparaturik. Areago burgoindarren eremu sakabanatuak.
Behere-ko Herri-en jauntziak ziren Europe-ko ederrenak. Bordele-ko ardoa ardo-zaleen hobetsiena, eramateko errexena, abantxu ibar berean iturria zutelarik, eta England erresumak “ematen zion merkatu beti idekia.”
Frantziarrek, “italiarren kontraeran, ez zituzten beren ondareak kanporatzen.” “Ez zituzten, garbi esateko, merkatari-ontziak.” Beraz, frantziarrek “utzi-urran egin zuten Gaskoinia-ko ur-golkoa, euskaldun, britoin, españar eta hansear atzerritarren eskuetan.” Hego-aldean, okzitan, ipar-italiar eta katalanek egiten zuten gauza bera.
Champagne-ko feiri haundi-aberatsen inguruan, jauntzi-merkatu joria ari zen, bainan gudak eta Frantzi-ko erregeen soberazko zergak akitu zuten, besteak beste. Han ere, urrezko arrautzak ematen zituen oiloak iges egin zuen azkenian larre hobe batzuren bila, Burgoin-go dukeen babesera.
Germani-ko uri ta herriak ere, erregego batzutan banatuak zegozen, Itali-koen berdintsu. Hango merkatariek muntatu zuten Hanse elkargo harrigarria, kanpoko-postuak begiratzeko. Lübeck eta Hamburg zirela buru, Kolonia-ko Konfederazio zabala antolatu zuten (1367), gudarako ere ahalmena probatu zuena (Stralsund 1370). Merkatari horien itsas-bideek London zuten iparraldean, balten portuak sortaldean, Bizkai-ko itsasoa sartaldean eta, denen erdian, Brujas, iparraldeko Benezia harrigarria. Hansearrek, besteek baino hobeki ulertu omen zuten, pakea segurtatu behar zutela beren artean eta kanpoan. [North-Thomas, 88.]
Donostia, Bilbo ta Baiona-ko portuak, England eta Nabarra-ko erregeek segurtatu askatasun eta eskubide zabalak baliatu ziren. Nabarra-ko Santxo VI-ak eman zion Forua Donostia uriari (1150). Lur-gabeko John Erregek eman zion Baiona uriari bere uri-karta (1215), Karta Magna-ren urte berean. Bizkai-ko itsas-ertzeko uriak berak ere merkatari-demokrazi batzu zirelarik, iparreko itsas-ibarretako beste uriekin har-eman paketsu ta emankor lortu zuten, denen probetxu. [Pirenne: 90, 149, 210.] Ehun Urteetako Guda-betean ere, nazio-arteko akordio ta legeak lortu zituzten, itsasoan, arraintza-lanetan, merkatuetan eta gudako har-emanetan ere askatasun ahal eta haundiena segurtatzekotz (1351, 1353, 1482). Henri V Errege-rentzat Baiona-n egin zuten ontzi bat, “England-go Koroia-ak inoiz manatu haundiena izan zen, ezagun direnetan behintzat.”
Britain-go dukeen gerizapean hedatzen ziran arraintza, itsas-merkataritza, ta ohial-lantegiak. Akitani-ko mahasti ta merkataritza, bere izaera ta askatasunaren artarekin batean, denak England-go erregeek on-hartu ta segurtatua.
Italiar uri-erresumetako luzerako-merkataritzak, Bizanzio-ko eta Muslimen merkatuak Europe-koekin elgarretaratzen zituzten. Aldi berean guda-egikerak alde bat uzten ez zuten. Azkenean, Gurutzaden ondorio, hegoko itsasoen jabetza lortu zuten neurri haundiaz. Benezia, Genoba, Firenze ta Pisa-n esku-lantegiak eta ekonomi osoa aberastu ziren horrenbestez, arte guztien eta kultur osoaren berrikuntzarentzako ohin-harriak emanez. “Dudarik-gabe, asko ikasi zuten italiarrek bizanzioar eta muslimengandik, hauen zibilizazio aurreratuagoa” zelarik.
Merkatu-teknigoan, egikera aurreratuenak paratuak zituzten hainbatenaz. Lehenagoan, lurretikan egiten zuten Itali-ko urien merkatariek Iparralderako bidea, bainan XIV-an hasi ziren itsasotik hango portuetan sartzen. Banku-etxeetan haxean ezarritako asmaketak, lasterrean leku guztietan baliatuak ziren. [P. 130] Benezia-n eta beste lekutan pake emankorra gorde zutelarik, Firentze-n erakutsi zuten langileek, ipartarrak bezin gai zirela indarrez kapitaldunengandik gobernu-ahalmena kentzeko, jazarri zitzaizkiotelarik, “ciompi” izeneko ohial-langileek higitu ta kudeaturik (1378). Ba-zen “eten-gabeko gudaroa Itali-ko urien artean. Denak saiatzen ziren besteen merkataritza suntsitzen, handik probetxu hartzeko”.
Okzitan-herria-n, feudugoaren funtsetik, aro berria sortzen ari zen. England-en baino ere hobeki, denen askatasuna hein batetan gordez eta klaseen arteko oreka begiratuz, barruko gudak arindu zituzten. Nobleak, pixkana ba-da ere, egokitu ziren burjes berriekin, hauek kudeatutako gizartean. Urietako langile xeheak gero ta hobeki bizi ziren. Nekazariak ere bai, lurra emankorra zelarik eta urietan aurkitzen zituzten sal-toki aberats eta idekiak. Laborari horien parte haundiak askatasuna segurtatua zuen oso goizikan. Merkatari-klase argituak kudeaturik, ideki zituzten itsasoko eta lurreko bide berriak.
Toulouse, Marseilla, Narbona eta beste, portu haundiak zegozen aspaldidanik. Gurutzadek aberastu dute Languedoc guztia, (azkenekoak suntsitu), ekonomigo osoari berebiziko bultzada emanez. Horrenbestez, hango kultur-bizia, “Europe-ko emankor eta aurreratuena zen”, “Frantzi-ko Errege-k doi-doa bere izena idazteko gauza zen aro haretan.” Hango askatasun horiei esker, uri “haundi” ugarien eskoletan zientzi guztiak lantzen eta irakasten ziren. Aristoteles-en filosofia ere bai, muslimen eskuetatik. Beste herrietan ez zuten haren berri, edo-ta Eleiza-k debekaturik baztertua zegoen.
Aragoi eta kideko feudu-erresumetan, “Magna Carta”-ren parekoa lortua zuten (1289-1348, 1462). Kataluniarrek “Errege-ren moltsaren kordoinak hertsatzen zituzten, England-go Parlementia-k egiten zuen bezela”. Bide beretik, itsas-merkataritza ta goi-mailako kultura emateko gai agertu ziren. Izaera ta egikera berezi heien bidez, muslimen azekiak eta beste suntsitu-ordean gorde ta baliatu zituzten kristau-erregego bakarrak. “Aragoi-ko [sic] Barzelona ezaguna zen hamahirugarren ehun-urtekotik, bere gogo eraginkorraren eta bere itsas-gizon ausarten gaitik.” “Lehengo beneziarrek bezela” ez zituzten katalanek bat-ere erdeinatzen esklabu-salerosketatik lortzen ziren irabaziak, muslimen kontrako gudak ekartzen bai-zuen beharrezko “giza-ekaia”. Lasterrean berenganatu zuten Itali-ko urien teknigo aurreratuena eta, geroztikan, “guda ta merkataritza aldi berean eramaten zituzten.”
Hala ere, elkargo ta merkatu haundi berrien muntatzera beren baitatik ezarriak zegozen merkatari-uriak. Guda ere, merkataritza gotortzekotz egiten zuten, lana beraz lehen. Nahi ala nahi ez, erresuma tipiek ez zuten besteen zearo menperatzeko behar zen indarra. Langile edo merkatari egon-beharrean zegozen, lehen-bai-lehen. Pakearen lanak askoz egokiago zitzaizkioten, beraz. Hain zuzen, barruan eta kanpoan beharrena askatasuna zuten denek hain segur, gordetzeko indarra frangotan falta zitzaiotelarik. Hura galduz-gero xahu ziren beren egikeraren ezaugarri ohargarrienak. Erresuma “haundiek”, ordean, guda ta ohointza zituzten aberasteko oin-harri, gero ta neurri haundiagoz. Halako omen ditugu giza-kumeak: xume ta ahulak direlarik, apal, lan-gile ta paketsu. Gotortu ta indarreztatuz-gero, arro, ebasle ta gudazale.
Holako joera gero ta zabaldu zen, ekonomi osoa merkantilizgoaren bidetik abiatuz. Urietan hasita, Erresuma haundietan ere jabetu zen, neurri haundian.
Ikusi-bezela, England-go gobernua hasi zen, bere aldetik, barruko merkatua hersten, muga-zerga berezien bidez gerizatzen, England-go esku-lantegiak lehenbailehen gotortzekotz. Bide horietatik, Ehun Urteetako Gudarako ekonomi-kondizioak eta guda-elkargoak apailatuak zegozen. Flanders-ko oihal-lantegiak hil-zorian ikusiz, England-go ardilea eta saltegia gabe ez-bai zuten lan-egiterik, Gant-en berehalako matxinada jaiki zen. Hala sortutako guda luzea aro eta mundu baten azkena izanen zen.
Arraintza eta merkataritza zirela-ta, itsasoetako askatasun haundia lortu ta zaindurik zutelarik, (“Intercursus Magnus” 1496), Bordelais-ko ardoak, Flanders-ko ardile-oihalak eta besteak ekartzeko monopolia bereganatu zuten azkenean ugarte haundiaren itsas-ontziek (“Navigation Acts” 1381, 1485, 1651).
Beste aldetik, Frantzi-ko Errege, merkantilizgoaren ikus-bidetik, gero ta gogorrago merkatua hersten ari zen (1664, 1667). Berehalako ta bide beretik ihardetsi zuten Probintzi Bateratuek. Holako merkatu-liskarrek guda berrietarako bidea paratu zuten (1652-54, 1665-67, 1672-74). Joera berrien arbuiatzeko, herriek eta parlementiek beren samurgoa erakutsi zuten (Hage, 1672; London, 1670-4), aspaldikoan Gant-en (1337) egina zuten bezela.
VII
Feudu-aroaren irteeran, alde askotatik berdinak zegozen England eta Frantzi-ko erresumak. Bereizkuntzak, hala ere, oso haundiak ziren, gero ta haundiagoak egin zirenak.
Ugarte haundian lortu ta gorde zuten herri osoaren askatasuna, neurri-gabeko ahalmenak baztertuz. “Feudu-aroan sortutako zerga ta zama ugariek ez zuten debekatzen England-go lur-laborantza munduko-helduena eta aberatsena izatetik”. “Lurren emaitza ez dator bakarrik berezko-emankortasunetik, baizik-eta, neurri haundiagoan, biztanleen askatasunetik”. Frantziarrek alabainan Erdiko Aroan galdua zuten askatasuna.
Ezin-jasanezko zergak eta behin eta berriz eguraldi gogorrak, hotz-gosete-izurrite latzgarriak gainerat zetorzkioten: 1347-50, 1646-47, 1674-75, 1679, 1693-94-ko “Gosete haundia”, 1709. Bai-ta beti-ereko gudak: Ehun Urteetako Guda, 1337-458; Errelijio-gudak, 1562-98; Hogei-ta-hamar Urteetako Guda, 1618-48. [Pirenne, 194.] Gudarien eta beste talde armatuen gaitik (“Ecorcheur” beldurgarriak etsenplu) hondoratze haundienak sufritu behar zituzten, herriaren samur bizia eta matxinadak ez apaltzeko maneran. Maizetan asaldatuta zegozen bas-herritarrak, urietako langile eta beste biztanleak (1250, 1321, 1358, 1382, 1413, 1520-50, 1539-41, 1554, 1570-1602, 1619-38, 1646-48, 1662-1705, 1709-10, 1717-18). Denok elkarrekin batzutan, eten-gabeko matxinadak jaso zituzten, gehienetan galtzale, (“Pastoureaux, Jacques, Herelles, Maillotins, Tuchins, Cabochins, Ecorcheurs, Croquants, Vas-nu-pieds, Cascaveux, Purins” izen bitxiez ezagunak.)
Zergak ere nola-nahi, inoren baimenik gabe ezartzen zituen eta xahutzen Errege-k. [North-Thomas, 82.] Guda-hitzarmenean nobleek herstuki adostua, bere gostuz zabaldu zuen (1439-tik hasi). “Errege-ren erokeriaz eta noblegoaren koldarkeriaz” egin zioten “erresumari zauria, luzerako odol-jario” ta “azkenean hil araziko zuena”. “Gizonen berezteko eta klasen markatzeko forma guztietan, zerga-ezberdinkeria dugu kaltegarriena”.
Frantzi-ko Erregego-an, klase-arteko indar-oreka gainditurik, indarkeriaren monopoli betea eskuratu zuen Errege-k, giza-eskubide oro oinperatuz. Beretikan, England-en ez-bezela ere, moldatu zen gizarte osoa. [91-2.] Erregegoaren instituzio, korporazio ta legeek beti herstu ta atzeraturik zirauten, beti berme funtsezko bizia eta aldaketak trabatuz. Gizarte osoa absolutizgoaren pean bizi zen. Gizarte osoaren bizia apailatzen zuen olagarro alimale harek. Holako instituzioetatik kanpo ez zen berezko bizirik. Bainan delako instituzioak lanari eragozpen egiten zioten.
Britain Haundi-ko “erresuma ahaltsu miresgarri” haretan, askatasunak elkartzen zituen gizonak, berdindu-gabe. Frantzi-n gertatu bezela askatasuna galtzen denean, berriz, “bakar baten gobernuak” gizonak berdintzen ditu eta, aldi berean, elkarrengandik bereizten. XIV-an, oraindik, lekuko noble ta burgesak elkartzen ziren Errege-ren erasoetatik eskubideen begiratzeko. “England-en hixtorioan atzemanik dirudite gertakari horiek. Holako ikuskizunak ez dira aurkitzen ondoko mendeetan”. “Bere dirua eskatzen zioten nazioak ez zezan bere askatasuna galdagin”, ahal egindu ziren beti errege absolutuak “klaseak elkarren berex gordetzeko, halatan ezin-hurbil eta ezin-adi zitezkela denen artean ihardokia antolatzeko.” Berezian bizi ziren beraz, arteko loturak ere gabe. Biltzar haundietan ere talde berezietan metatuak. Eta talde horien barruan ere, izugarrizko saldo ugariak, elgarri aiher.
Jendea hiru sailetan banatua zen: “manatariak, otoitzlariak eta mandoak”, mando ahalenak nekazariak izanik, urien langileak hurbil. Orotikako aldaketa haundien ondorio, etenik-gabeko gose ta izurriteen “laguntza”-rekin, zerbuen egoera hurran baztertua zen (XI-XIV). Hala ere, zama zahar eta berririk larrehun urtez jasan behar zuten. Lan-egiteko ta sal-erosteko askatasuna ere neurri haundiz galdua zuten. Lekuko zergak eta lan bortxatuak gorde edo haundituak. Beste erresumetan bezela, bas-herrien lurrak haundikiek eta aberats berriek beren ganatzen zituzten (XVI-XVIII). Lur -jabe haundiek, gordetutako ahalmen-itzala ere pausuz-pausu galdu zuten, azkenean Errege-ingurukotzat harturik.
Laborari eta jende xeheak hala-nahiz ere gordetzen zituzten beren miserian, halatan arras errezago zela gobernuaren pean egon-arazten, ez bai-zuten jazarteko kemenik. Nobleen artean lehena zegoen Errege, uriez baliatu zen bere kideen menperatzekotz. Gerokoan noblegoaz baliatu, uri oilarkatuen aurka.
Errege-ren guda ta lege estuez ase, uri kapitalaren burgesek atera zuten bere matxinada haundia (1358), Itali ta Flanders-ko urietan merkatarien etsenpluari jarraikiz. Saiatu ere ziren inguruko nekazarien “jacquerie” alimalearekin elkartzen, Flanders-ko urien eta Nabarra-ko Errege-ren laguntza biltzen, Okzitania-ko mugimenduekin elkar aditzen. Bainan bi erregeek lehertu zituzten nekazariak izugarrizko bidean, eta uriaren jende xehea ere ikara betean zegoen, ez zela bat ere fida merkatarien ahalmen berriari. Iraultza lurperatuz-gero, hirureun urtetarako akomeatu zen Paris-ko uria noble ta erregeekin.
Lekuko feudu-nobleek egiazko egiteko ta ahalmena aspalditikan galduta zeduzkaten. Gudarako ere ez zuten jadanik balio. Politigoan eta lur-lanetan ez zuten ezer-egitekorik, juje ta herri-zainean batzutan ari izanik ere. Gorde zituzten abantaiIek arrazoin-gabeko ta ezin-jasanak ziruditen geroztik. Gehienetan ez zituzten berenez zergak ordaintzen, bainan meneko nekazariek ordaintzen zituztela-ta zeharka ere ahultzen zen jabeen aberastasun jadanik murriztua. Frangotan, beren lurraldeetako laborariekin elkartzen ziren denen etsaiaren aurka, Errege-ren zerga-biltzale, dragoi eta inolako zakurrak zetorzkiotenean. Beste hainitzek iges egiten zuten kortera edo urietara. 179].
[Burgesen egoera ta joerak; uriak eta beste: 93, 114-9, (116), 154-5, 170, 253, 259. Centralisme: 118, 129, 139-3, 180, 107-22, 132, 154-5, 141, 259. Paris eta hango klaseen jabegoa, 139; “Parlamenti”-en gero ta indar gutiago.]
Gilde ta korporazioek orobat bideratzen eta azkenean mugatzen zituzten lana, produkzioaren berritze ta moldaketa osoa. Heien barneko talde berezi ugariak saiatzen ziren beren nahitara lan-askatasuna mugatzen. Berdin beren aldetik uri-udalak (1539, 1557, 1623). Errege-ren “ordonnance” ugariak bide beretik zoazten [1285, 1306, 1326, 1351, 1539, 1552, 1554, 1676-2]. [1581, 1597, 1673-ko aginduak; xedeak; North-Thomas, 126; Pirenne 210.]
“Errege-ren eskulantegi”-etan (XV-ean hasi) erregegoaren administrazioak ezartzen zituelarik funtsezko arauak, zergak ere bai (“Instruction générale” 1670) [164]. Beraz, ez zegoen jendea bat-ere bero, horietan dirua ta lana sartzeko, edo galtzeko. Merkantilizgoaren pentsaketarekin ados, ekonomigo osoa arau ugari ta herstuenetan bideratzen zen eta mugatzen.
Erregeek beti zegozen berehalako-diru gehiagoren bila, batez ere eten-gabeko gudak ordaintzeko premiaz. Diru-pilo haundiena berehalakoan eskuratzeko asmoan moldatzen ziren zergak, orotako ondorioez bat ere griñatu-gabe. “Zergaren xedea ez zen, ordaintzeko ahal haundiagoa zutenak behartzea, ordaindu-gabe gelditzeko ahala ez zutenak baizik”. Beraz, ez zioten aberatsari kentzen, pobreari baizik. Errege, noble eta burgesek elkar laguntzen zuten zama ta zergak nekazari ta langileen sorbaldan ematekotz.
Bainan ez zen hor Britain Haundi-an zegozen kondizioak. Kanpoko merkataritza mehea zela-ta, ez zen bat ere errexa zerga-biltzea. Errege-ren gutizia ezin-asetik iges egin nahi bai-zuten burges haundi ta tipiek, irabazten zutena berriz beren aferetan sartu ezik lukuru-maileguetan baliatzen zuten, edo-ta lurrak erosten, bide horietatik burjes-noblego berria bilakatuz. Azkenean, lurrak eta noble-tituluak erosiz beren irabaziak segurtatzen zuten aski aberastuek.
Horrengatik asmatu ziren lehengoan “ofizioen saldukeria” eta zerga-biltzaleen monopoliak. Hori izan zen, lehengoan, zergak atzemateko aurkitu omen zuten bide bakarra. Lehen ikusian, arrakesta harrigarria lortu zuen holako egikera. Denetan nagusi zela-ta Errege, “denek nahi zuten norbait izan Errege-ren gomendioz.” Denek askoz seguru ta atsegingarriagoa zuten zergak pagatzea baino kobratzea eta handik bizi. Ofizioen bidez, askotan noble bilakatzen ziren erosleak. “Urietan, behar-bezelako gizonak ba-du bere ofizioa, fraideak bere komentuan ere bai.” “Merkatari batek zenbait aurrezki izanik, bere udalan ofiziodun etorri nahi du, ez du bestelako gogorik, ez du merkataritzan ezer ikusirik izan nahi”, “aberastuz-gero, lotsa da merkatari izateaz”. “Laborari artex baten-batek zerbait onik ardiesten duela, gurdia utz-arazten dio semeari, urirat bidaltzen eta hortan ofizio tipi bat erosten dio.” Eten-gabean kentzen eta sortzen ziren ofizioak erosi ta berriz ere erosi behar zituzten nahi ez zutenek ere. Uri-udalek adibidez erreka jotzen zutelarik holako zama ezin-jasanez [115, 259]. “Aintzinako Erregegoa-ren fisionomigoan ez dut ikusten marra lotsagarriagorik.”
Dena sal-erosten zen erresuma haretan, “lan egiteko eskubidea Errege-k saldu ahal zuen abantaila zegola asmatu egin zuten”.
Bide horretatik luzarako-kontuetan diru asko galtzen zen Errege-ren kutxarako, jujeen edo kobratzaleen sakelan alde batetik. Beste aldetik, “ofiziodun gehien-gehienak berenez burgesak ziren.” Beren aferetan irabaziez, gobernuaren “ofizio”, “zerga-ferme” ta monopoli ugariak erosten zituzten, (batez ere Paulette izeneko legea emanez-gero, 1604). Hain behar ziren inbersioak, ekonomigo eta klase berri batzuren hazkurri, bakanduago egiten ziren, mukerrago zegozen egiteko berri edo zabalagoetan beren plusbalioak sartzeko. Handik beretik zerga-funtsa murrizturik, Errege-rentzako dirua bera ere zail eta urri sartzen. Aferak mugi-araztekotz zerga batzu leguntzen ba-zituzten, ez pagatzeko abantaila emanez, ez-deusten ziren zergak. Ezin-hautsizko itzuli horietatik atera-biderik ez zuten, erregegoaren egite bera aldatu-gabean.
“Instituzio kaltegarri ta higuingarri” horien ondorioez konturaturik, eta merkantilizgoaren ideiez nolabait argiturik, nohizpenka saiatu ziren erregeak, ofizio-dunak kanporatzen, Errege-ren funzio-gileak [132] heen lekuan ezarriz eta “arrazoinezko zerga-bide” berriak antolatuz. Bainan proposatutako neurriak zail eta arrisku haundiko agertu zitzaizkioten. Noiz-bait ausartu zirenean kolpe haundi batez gauzak Errege-ren alde aldatzera, berehalako auzi ta ixkanbilak sortu zituzten. (1636-3, 1648-9, 1749-76, 1786-79). Erreformek alde onak izanik ere, beti Errege-ren ahalmena hazten zuten. Beraz, ez bakarrik ofizio eta monopoli-dunak bainan jende xehea ere aurka plantatzen ziren, aldapenak beti beren kaltez egiten zirela sobera ikusia zutelarik. [P: 35-9, 375-17.]
Handik ikusi zen, ongi ere ikusi, holako saldukeriak hango ekonomigoaren, bai-ta politigoaren ere, ezin-bestezko eginbideak zegozela. “Ofizioen bidez zergak zamotzen ziren frantziarren begietan, ausartzen ez bai-ziren egiazko-izaria erakusterat.” “Ofizioen saldukeria ez zen izan burgesen menpean erregetza ezartzeko bidea, epe baterakotz burgesak noble-erregetzaren menpean jartzeko bidea baizik, alderantziz”. (Hirurehun urteetarako epea, alabainan!).
Saldukeria-gabe, zerga-fruituak erortzen zirateken eta, horretaz-gainerakoan, iraultzari ateak zabaltzen.
Flanders, Toulouse, Bordele ta Baiona-ko burgesgo modernuek England eta Nabarra-ko geriza galdu zutenean, Frantzi-ko Errege-ren atzaparretan eroriz, galdu ere egin zituzten beren askatasun eta egikera emankor bereziak, Paris-go gobernuak hondaturik. (253) Hala ere, beren foru ta “Etats” bereziak gorde zituzten herri batzutan “arauz eta eztiki hartzen zen zerga”. Okzitani, Britain edo Euskal-herri-ko nekazari ta itsas-gizonak are gaizkiago abiatuak ziren, lasterrean ikusi zen bezela.
Frantzi-ko errege batzu Inkisizioaz luzaroz baliatu ziren, batez-ere Toulouse-ko lurraldeak (1209-54) ta Temple ordrea (1309-4) menperatzekotz. XIV-ko azkeneko urteetan Inkisizioa baztertua zutelarik erresuma guztietan, (España-koa bere menpekoekin alde bat utzi-ta), hola ere Frantzi-n (1502), galikanizgoaren bidetik (Bourges, 1438). Horrenbestez, gero ta berriz indartu zen Erregeren ahalmen orokorra, orotan agertzen edo ager-arazten ziren heresi, azti ta debrukerien estakuruz, (Loudun, 1633-4). Itz-egiteko ere askatasun-arrastorik ez zegoen ordurako, gobernuak eta Eliza-k hertsitutako bideetatik ez bai-zen iges-egiterik.
Bide beretik, ikara gorria zabaldu zuen “Frantzi ta Nabarra-ko” Errege-k Euskal-herria-n ere (1509-0), inoiz-ez ikusitako basakeriez Españar Inkisizioa-ren gaiztakeriak lagunduz eta emendatuz.
Oso lasterrean (1535), hasiak ziren Hugonoteen aurkako agintza, guda ta sarraski izugarriak (Saint Barthelémy, 1572; La Rochelle, 1573, 1622, 1627-8), España-ko ta Erroma-ko bozkario. Epe baterako ihizia apalduta ere (Nantes-Fontainebleau 1598-1685), luze ta lodi izan ziren ondorioak bereziki merkatarien munduan.
Kaletar langile, uri ta “parlamentiak” samur edo hasarre bizian zegozelarik, denak neurri batez elkartu ziren, ofiziodunak lehen (Fronde 1648-53). Berriz ere partida galdu zuten, England-en parlamentia, Errepublika – eta Model Army-aren diktatorgoa – garaile ziren ordu berean. Errege ta haundikien arteko borroka “irri-egiteko guda” izan omen zelarik, mendeku izugarria sofritu zuten langile ta bas-herritarrek. Hain zabalak izan ziren “Mende haundi” hartako jazarkundeak, hain ikaragarri, odoltsu ta erruki-gaberik izan zen gobernuaren zapalketa, non oroitzapenaren ere beldur bai-zen Errege-eguzki ospe haundikoa. Administrazioak gordetutako paperak bilatu, ebaki edo ezerrezteko agindu zuen “sartaldar baino mongol zaigun mamu harek” (1668). (Frantzi-ko “Mende haundi” ta lorios haretan, hain gaizto ta itsu zegozen jendeak, non etenik-gabe asalduta bai-zebiltzen, dena pleini ta estakuru, jatekorik ez zutela, gudariek uztak eta bizia kendu zizkiotela eta holako xehekerietan, Errege eta erregegoaren dirdira miragarria ikusi gabe eta haren sustatu-beharraz batere axola ez izanik).
Halatan ere, XVII-aren egoera eta gertaera izugarrietatik aldeginez-gero, XVIII an orotako kondizioak hobetu-arau, erregego haretan ere errextu zen eta hobetu giza-bizia. Ez bai-zen hor alabainan inolako mirakulu eginik! Gudaz asperturik, England eta Frantziko gobernu zentzu-oneko batzu pake-bidetik abiatu epe baterako, odol eta diru-xahutze kaltegarria ebakiz. “Errege, beti nagusi-gisa mintzo, bainan herriaren albisteak egunero kudeatzen zuen”.
Lan-askatasuna haundiagoa zen eta, aldi berean, lur-lanetan eta esku-lantegietan teknigo berriak zabaldu ziren. Gauza bera itsasoaren aldetikan: “Bordele-k Liverpool-ek baino merkataritza haindiagoa egiten zuen”. (Frantzi-ko merkatu ta lege estuetan aspalditik behartua egon-arren, Bordele-n zegoen, ez Paris-en, burgesgo modernu ta aurrerakoiena.) Frantziar burgesdia ez zen lehen bezin ahul eta beldurti. Diru-zain, merkatari ta lantegi-jabe indartsua bilakaturik, gobernua eta, batez ere, gobernuaren diru-egitekoetan bere itza esan nahi zuen. [Pil: 372-3.]
Horrenbestez “ekonomigo-aldetik kaltegarri, politigo-aldetik alfer” bilakatuak ziren ofizioak pizkana-pizkana itzali, lege berezien beharrik gabe. [P: 412.] Zergak poxi bat apal, segur eta berdinago biltzen ziren, eta industrien zabaltzeaz haunditzen, ekonomigo osoa hondoratu-ordez. Kobratzaleen indarkeriak bakandu-egin ziren. Orduko artxibuetan “gizonen askatasuna eta biziaz errespetua maizetan ikusten zen, bai-ta behardunen gaitzak eztitzeko kezka”. “Ez dira legeak aldatzen, bainan beste moduz obratzen.”
“Nekazaria ez zegoen lehen bezela zerbu; horretaz-bertzalde lur-jabe bilakatua zen.” “Holako egoera Frantzi-n bakarrik ikusten zen, edo-ta hurbil-hurbileko eremuetan.” Klaseen har-emanak oso aldatuak zegozen, laborari ta beste langileak askoz libreago, nobleak apalago, burgesak azkartuago.
Alta-ba, alde onik ere, absolutizgoaren akatsak ez ziren, urrundik ere, pasatuak.
Klasen arteko, bai-ta klasen barruko herrak ere legundu ezik, legor, iraunkor ta ezin-pasatuak ziren, ekonomigoaren aldaketarako oztopo. (“Karrozen” auzia 1760, gudaritzarako abantailak 1781.) “89-an, inoiz-baino elkarrengandik bereziago zegozen nobleak eta burgesak”.
[Ofizio ta funzio-gile: 132-2; fonctionnaires: 132, 136.]
Zergen desmasiak eta astakeriak beti berean zegozen leku gehienetan, ekonomigo osoaren eta, batez ere, nekazarien kalte. [160]
“Batzutan, XVIII-an frantziar nekazariaren egoera tzarragoa zen XIII-an baino”. Alde guztietatik behartzen zituzten, ikara gorrian, dirua, lana eta beste, urrik ematerat. Zergak heen bizkar eskuratuak, lan bortxatuak heek egitekoak, gudaritzaren odol eta ez-beharrak berek sofritu-beharrak, nobleak eta burgesak legez libratuak izanik. [Zergak: 104, 186.] Ez ziren hor “gentleman-farmer eta yeomen” heetakoak, nekazarien artean bizi zirenak eta, interesaren gatik ere ba-zen, gerizatzen zituzketenak. [Perception; jujeak: 125, 151, 187; Rousseau: 182, 154, 184, 182-0.] Iges-egin eta janariak ere izkutatu-besterik ez zuten. “Hindostan-go rajah baten jabegoetan gertatzen direla ez diruditea holako gauzek?” “XVIII-ko herrixka batetan lagunkide guztiak dira behartsu, ez-jakin eta kaskarro”. Gudarien aurkitzeko, baitezbadazkoak omen ziren behereko gabetuak. “Dirudienez, ez zegoen nekazarientzat zamarik, horixe baino ezin-jasanagoa zenik; horretan ez erortzeko, iges egiten zuten basoetan, beren atzetik joan behar zelarik, armak eskuetan.” Beste aldetik, gorako gizonentzat gogorregia izan omen lirateke gudaritzaren ez-beharrak. [40, P: 372.]
[Vagabonds-eta; P: 372, 404; T: 187.]
Bigarren menderdian, berriz eta usuago hasi ziren gudak. Kolonien alderako gutizia berriak haustu zuen England-ekilako kidegoa. Berriz ere, hustu zen Errege-ren kutxa, beharrezko erreformak gelditu behar izan zituzten horrentzako dirurik ez zegolarik (1778-3).
Azkenean, konturatu omen ziren Errege-ren zerbirtzu lan-egiten zuten burjes haundiak erreforma sakon baten egin-beharraz. Ba-zegozen horretarako behar ziren gizon argiak eta halako nahimen onekoak, ekonomi-zientzi berriaren ideiak obratu nahi zituztenak. Erregeek ere nola-bait on-hartzen eta laguntzen zituzten hartarako saioak, duda-muga kaltegarri haundiekin ba-da ere. Hasi zirenean, haundiegi orotako-oztopoak, laburregi epea.
Erregegoaren azken urteetan, legortze (1785), gosete (1786), barazuza (1788), hotz zorrotza (1789) zabaldu zirelarik, neurri haundian gogortu zen bizia, berriz indartu inoiz ez bukatutako herrikoi mogimenduak (1752, 1775, 1781-9). Aro modernuetan sartzeko hain beharra zegoen lanerako-askatasuna, erregegoaren azkeneraino saiatu ziren gobernu, korporazio eta haundikiak ukatzen edo trabatzen. Lehenagoko abantailak atxiki nahi zituztenak eta gosearen beldur zegozen guztiak erreformaren kontra elkartu ziren, Paris-go jende xehea barne (“Irinen Guda” 1775). Denak gaizkiagoren beldur galgarri batek hersten zituen. [Burgesak atzerakoi Eden, 1786.] Aldaketa illun baten zai ta lagun-baino, nahiago zuten lehen bezela egon, beren aberastasuna eta berdin beren miseria gordez. Errege zela beti zuzendari, inork ez zitzaion sobera fida, aldaketa guztiek, beti-bezela, beren ahalmena gorde edo berdin zabaltzen zutela-ta. Indarra erakusten baldin ba-zuen, denak haren beldur. Ahula ematen ba-zuen, ahulago-arazteko aldi ona zegoela pentsatzen dukete. Ez bai-zuten peko-klasek ahalmenik berenezko politigo baten muntatzekotz, beti noble, burges ala Errege-ren alde saiatzen ziren. [Elkarri ez fida.] Lehengo ikusian gauza harrigarria: gobernuaren erruz gaizkiago bizi ziren herrialdeak berak, “Errege ren alde” plantatuko ziren luzaro-gabean. Lege zaharra (edo erdi-zaharra) gostuko ez izanik ere, aldaketa guztiak beren aurka egiten zirela, ikasia zuten urteetan-zehar.
Hala ere, aleen eramateko oztopoak hautsi zituzten (1774). Korporazioak ere bai, lanaren askatasuna segurtatzeko ezinbestezko bidea (1776). Bide beretikan, nekazarien lan bortxatuak kendu, aberatseen gaineko zerga berri baten truke (1776). Azkeneko zerbuak zeduzkaten jaun eta komentuek galdu zituzten, zerbutzaritzaren kondarra arras kendurik (1779). Parlementiak (beraz ofizioak) errotik ahultzen saiatu ziren (1766, 1771), luzaro-gabe berriz atzera egin (1774), berriz aurrera (1788), halako dantza ezin-bukatuz. [Ferme 1777, zerga berria eta parlementiak 1787, Pil 355.] Jaun haundiek hondoratu zuten erregegoaren azkeneko-aterabidea, ezer ere aldatu-gabe egon-nahiean tinkaturik (1787-8).
“Louis XVI-aren erregetza, bere antzinako denetan aro ongigarriena izan da, eta joritasun harek berak iraultza lehiatu zuen”. “Egoera hobetuz zoalarik, hainbatenaz ezin-jasana frantziarren begietan.” “Gauzak gero ta gaizkiago doazela, ez gare beti horrengatik iraultzan erortzen.”
“Nekatu ta aspertuta dagolarik, nazio batek on-hesten du gezurraren bidez ekar dezaten, atsedena ematekotan.” “Errege-ren ahalmena argitzeko, nahasteko arriskurik-gabean”, “gizon menpeko ta illun batzu bil daizteke diru-truke”, egiazko askatasunaren ordez gezurrezko itzala ematekotz. “Bainan iraultza hasten denean holako saioek huts egiten dute eta herria sumintzen, ez asetzen.” “Libro den herrian, herritar apalenak jakina du hori”. Dezpotizgoaren pean bizi den gizartean, jaun haundi argituenak ere ez omen zekien. Egungoan behintzat, ondo ere dakigu holako kondizioetan azkenean leher-egiten duela eltzeak.
Inork-ez atzera zezaken, handik-goiti, atarian zegoen Iraultza haundia. “Ezerk-ez eragotz zezakeen Frantziar burgesgoa, nekazariekin elkartzeko deliberatu zuenean”. Bide haretatik, “inork ez asmatutako indarra agertu zen 1789-ean”, erresumen arteko eta batez ere gudako kondizio ta egikerak zearo aldatuz.
VIII
Kordoba-ko kalifagoaren lurraldeetan, uri haundietako esku-langintza eta merkataritza joria zabaltzen ziren, bas-herrietako lurgintza aurreratuarekin bat. Grezi-ko ta Bizanzi ko zientziak handik azten eta bideratzen ziren iparraldeko gizarte atzeratuen gana. Hoinbestez, gobernuaren ahalmena, ekonomigoaren organizazioa ta kultur-bideak kondizio berriai egokitu behar zitzaizkion. Esklabu ta zerbuen enplegua oso bakantzen ari zen (XI-XII), lanbide emankorragoez ordainkaturik. Matxinada batzuk erakutsi bezela (750, 797, 814, 1013, 1031), herriaren eta alderdi berezien indarrak ez ziren uste-bezain zapalduak, dezpotizgoaren oin-harriak inarrosten zituztela. (Hango “barbarak”, berber-jendeak, beren askatasunari atxikiak beti-danik zegozen, arabek ere ez zituztela osorik hezirik).
Kristauek lurrak okupatzen zituztelarik, askatasun-neurri handia utzi behar zioten iparraldetik etorritako biztanle berriai, hartarako foru bereziak emanez. Bainan feudu-aroa, labur eta murritz ere, ez zen errotu. “España-n ez zen, abantzu, feudugorik izan”. Konkesta beherera-arau gora egin zuen Sortaldar – edo Asiar – despotizgoak. Jaun haundiek eta Gudari-ordreek eskuratu zituzten geroztik Errege-k emandako “lur berriak”. Zerbu ta esklabuen bidez lantzen zituzten geroztik beren jabego zabalak. Muslimek antolatutako lur lana eta ur-gintza osoa hondoratu ziren. (Kristauen ikusmenean, muslimen ur-zaletasuna debruaren gauza-besterik ez zen). Erroma zaharrean (II-I) gertatua zen bezela, “lan tzarrak kanporatu zuen lan ona”. Lan-askatasunari atxikiak zegozen muslim edo kristau langileek iges egin zuten. Joan nahi edo ahal ez zutenak, lanik gabean, gose ta eri zegozen. “Holako inguruan, kristau nekazaria ez zateken pozik”. Lan egitea ere madarikatua ta lotsagarria bilakatu zen kristauen artean. Bizkitartean, “herriak bereganatu zuen hainitz muslim eta, era berean, judu-oste berezia; españar gehienak baino trebeago ziren juduak, muslimak lanari lotuago”. “Muslimen aurkako kristau-langileen bermantza egoera haretatik bide-zetorren”, besteak-beste. Muslim-esklabu ta zerbuak enplegatzen zituzten jaun lur-jabeen kontra ere asalduta zegoen hango jendea, eta “hori izan zen ‘germania’ izenekoen borrokan azkeneko-mugimendua” (1520-2). Granada-ko Erresuma haundia berenganatu zuten españar erregeek (1492), erruki gabeko gudaren bidez, biztanleetatik herenak bizia galdu zuela. Guda bukatzeko antolaketan hitz-emanak hausten hasi ziren kristauak erresuma menperatu ta berehala, luzaro-gabe zearo ukatuz (1502, 1525-6). Muslim-en errelijioaren kontra berriz gogorturik, Alpujarr-etako iraultza haundia gertatu zen. Guda eta sarraski izugarriz zapaldu zituzten biztanleak, inolako salbaikerien-bidez (1567-0), bizirik utziak kanporatu ta sakabanatuz. “Erdi-ugarteko lurralde ederrenetako haretan basamortua egin zuten”. Juduak erbesteratuak zituzten lehengoan (1492). “Batzuren kontseilua muslim denak garbitu behar zirela, besterena denak Indietara eraman behar zirela, hango mea-tokietan arabeek lan egiteko; guztien albistea zen ez zela gauzak erdizka egiteko ordua.” Azkenean muslim guztiak bota egin zituzten (1602-1, 1712). “Jende heek sofritu behar zituzten galtzapen, miseri eta afruntuak ezin-neurtuak ditugu”.
Erdiko aroan, españarrek lurrean zituzten beren ahalmen, joera ta interes premiatsuenak. Hala ere, hango ardileek “England-go ardileen lekua hartuko zuten Behereko Herri-etako jauntzi-eskulantegietan, Erdi-aro-ko azken-aldian.” “Bainan Mesta-ren ardilea Galizia, Portugal eta Euskal-herri-ko itsas-ontziek karreatzen zuten.”
Ardilea nola-nahi saltzen zen, Ipar-Europe-ko esku-lantegien galde gero ta haundiagoaren betetzeko. Mesta izenekoan elkartu ziren ardi-jabe haundiak. “Transhumance” izeneko ibilkeraz artaldeek denen lurraldeetan larre hartu zuten. Lehengoa, Errege-k emandako abantailez baliatu ziren, Errege-ren zergak eskuratzeko bide errez eta lasterrena ere hortikan izanki. “Ferdinand eta Isabella-k ez zuten denbora galdu, artzaingoaren alde zinez zirela erakusteko, beren erresumak baliatzeko eran. (Madrigal 1476, Toledo 1480, Toro 1505). Beren “artzain-merkantilizgo” estuaren arabera, “kanporatu behar ziren ekai arruntak, urre ta atzerriko salgai ugarienak itzuliz eskuratzeko seguruago bai-ziren.” Bainan batez ere, berehalako dirua bildu behar zuten, beren guda ta konkestak ordaintzeko. Ez zuten luzerako ta ezbaiezko ekonomigo baten bideak ikertzeko astirik. Neurri horiek “ohi-ez bezelako ahalmenak eman zituzten ardi-jabeai ta Mesta-ri; horien bidez, bas-herriko bizi-modu guztien gainetikan, arrapostu gabeko gorengoa lortu zuen artzaingoak, erregegoan zehar.” England-en ez-bezela, artzaingo haundiak ziren laborarien “enclosures” izenekoen arerio haundiak. Bainan XIV-ean eta geroztik Koroia-k, bere Kontseilu eta jujeekin, bereganatu zuen Mesta-ko egiazko zuzendaritza. Habsburg-tarren leinu berria etorri ta berehala, gotortu eta gogortu zen halako politigoa (1517, 1525, 1552, 1560, 1566, 1580, 1582, 1604, 1633, 1644, 1658, 1690), nahiz gero ta usuago aginduak “paper hutsa besterik ez” ziren.
Errege “berrizale” heen eta inperator haundiaren aroan, hondoratu ziren baratze-lan eta emaitzak. Ebaki ta erre egin zituzten basoak larre berriak izateko, bai-ta ontziak egiteko ere. Merkatarien egikera berriak eragotzi zituzten Errege-k. Champagne-ko feriak Frantzi-ko gobernuak zergen pean hondoratu ba-zituen, sua eman zion España-koak Medina-ko merkatu-leku haundiari (1520). Azkenean, Mesta-ren “ardiek jan egin zituzten gizonak”.
Mestaz baliatu zen autokrazia bere ahalmen absolutoa indarreztatzeko eta klase denen jabe bilakatzeko. Eliza, noblezia, jujeen antolamendua, urien “anaitasuna” edo hertzaina, gudari ta errelijio-ordreak, laborari, bas-herri, uri ta erresumen eskubide guztiak ahuldu, galdu edo bereganatu egin zituen. Aizeratu ziren aintzinako foru ta askatasun haundiak. Hola abiatu zen españarren Asiar-despotizgoa, ez ur bideak, ur-ateak edo ur-askak eratuz eta gordez, bainan ardi-bideak luzatuz eta zabalduz. [Lepage: 143.]
Uriak ahultzeko “xede hau azkartu zen urietako “komuneros” izenekoak jazarriz-gero”. Urien mugimendu berria (1520-3) garaitu zuen Errege-k (Villalar, 1521), Noain-baino bi hilabetez lehenago, Napar-erresuma okupatzen zuten talde harmatuak bide beretik ahulduz epe baterako. Hanartean, ahaleginetan ari ziran España-ko agintariak, mugimendu horren kidekoak baztertu-nahiean, batez-ere Euskal-herria-n. Auzi guzti horien arteko har-eman estuak denetatik aise ikusten dira. (Napar-erresumaren askatasuna gutiesteko ta españar oldartzaleen gaizkieginak goresteko azaldua zen lehengo liburuaren egilea, Mesta-ren buruzagi zegoen hamabi urtez, Errege-Kontseilua ren partaide nagusi eta erregeen kontseilari ta zerbitzari).
Eskuz-landutako salgaiak beste erresumetatik erosten, ekai arruntak-besterik ez zirela saltzen. Lantegiak gehiagotu ta berriztatu-beharrean, desagertu-egiten ziren, (batez-ere 1580-tik gerora).
“Indi-etatikako urre-zilarren eta Behereko-herri-etatikako lanaren bizkar bizi zen herria bilakatu ziren españarrak”, mundu-ko erresumetan erahile, lapur eta ondatzale haundienak. [J. Burckhardt.] “Denen ametsa zen diru-mozkinez bizi izatea” edo-ta, dena berdin, “gobernu-enpleguetan gerizaturik”. Hirur ehun urte pasatuz– gero ere, Amerik-etan “españar guztiek, txiro eta zorigabeenak izanik ere, jaun nagusi egon nahi dute eta beren probetxu bizi, inoren zerbitzurako lan egin gabe, bainan besteak beren zerbitzurako lan-egitera bermatuz”.
Nekazariek, herrien eta Eleiza-ren lurretan gorde zituzten halako bizi-bideak, bainan “XVIII betean oraindik gleba-zerbuak zegozen Baena-n”. Gabeko jendeek ba-zituzten besteak-beste atera-bide ederrak: “gudari, praile ala eskale”. Halakoak jasaiten ez zituztenek ahalik-eta iges egiten zuten. Besteak, ikararen gatik izkutaturik bizi, edo bide-mendietan lapur. [North-Thomas: 118; jende xehea errege ta elizaren alde.]
Inon-baino luze ta eten-gabeko guda, legortze, eurite, gose ta izurrite ikaragarriak zabaltzen (XIV-XVII). “Ez zen abantzu urte batsu ere izurrite-gaberik”. [Madrid eta zikinkeria.] “Halako herrian zuen oin-harria izugarrizko gobernu harek, bere ikurrina munduko lurralde guztietako haizeak perekatzen zuelarik. Andaluzi eta España osoa gosez ahultzen zirelarik, inolako festak irakian ziran Madrid-en”, “Felipe gure Jabe haundia bere alperrean jostatzekotz”. Gertatu ziren matxinadak zapalduz-gero, estali ere zituzten gobernu ta hixtoriolariek. (Kordoba-tik atera gabe, 1310, 1426, 1428, 1497, 1506, 1521 – Villalar eta Noain-go urtean berean -, 1575, 1641, 1645, 1652. Frantzi-n, haundikien Fronde-ak herriarena estali zuen bezela, haundikien egikerak izkutatu zuen Al-Andalus-ko askatasunerako herritar mogimendua). Jende gehienak ez zuen, batere, kontra egiteko indarrik, urtez-urte gose ta eri izanez. Esaten ohi den ez-bezela, goseak ez du iraultza sor-arazten, suntsitzen baizik. “Goseak matxinadak sor-arazten ba-lituzke honerako herrian, mende askotan eten-gabean asalduta bizi izan lizateke Kordoba-n erregegoa”. Muslim-langile batzu gorde behar zuten hala ere Al-Andalus zaharrean, kristauai lur-gintzaren erakusteko. Inor-gabeko eremu heietan lan-egiteko, Frantzi ta German-herri-tik lan-gileak ere etor-arazi behar izan zituzten geroztikan.
“España-ko erregego absolutu harek, azalez bakarrikan ditu Europe-ko erregego absolutuak irudi, beste Asiar gobernu-mota horien aldean klaseztatu behar dugu hobekian”. Europe-ko beste erresumetan gertatu zenari so, “España-n, aldiz, aitoren semeak apaldu-egin ziren, beren abantail bereziak galdu gabe. Hango uriek, berriz, Erdi-aroko ahalmena galdu-egin zuten, mundu modernu bati dagokion garrantzia irabazi gabe”. Beste erresumetan erdiko-klaseak gotortzen ari zirenean, ez zen laster España-n erdiko-klaserik eta ez nolabaiteko-klaserik ere. Beste erresumen barruan guda ta iraultzak ikusten zirelarik, muslim eta juduak suntsitu edo erbesteratuz-gero barruko-borroka itzali zen larreun urterako, borrokalariak falta.
Erroma-ko Elizarekin batera fundatutako Inkisizioa herri-zain zuten españar erregeek, ikara gorria orotan emanik. (Holakoen gatik eman zioten Aita Saindu-ak Errege Katoliko izena, beste erregeengandik berezteko, ez bai-zitzaizkion omen oso katolikoak. Ez dira hek, hala ere, aldaretan emanak orainokoan, Frantzi-ko Louis Saindua zen bezela. “Pekatari haundiak dira españarrak, bainan kristau onak.” “Moralak-baino askoz garrantzi haundiago du fedeak.” Inon baino ahalmen sakon eta luzeagoa lortu ta gorde zuen España-n beldurgarrizko tribunalak. Muslimen gandik eskuratutako zientzi ta beste ezagutzak arbuiatuta, izkera arruntez idatzi liburuak sartzea ere biziarekin ordaindu behar zen. Errege-ren eta Inkisizio-aren zakurrak bazter guztietan belarri-zabalka, “inor ere ez zen hitz-egitera ausartzen, ez-eta ixilik egoten ere”, “autodafe” zelakoen su bizian bizirik ez kizkaltzekotan bederen. Haragi errearen usaina eta ke-mingarra sendituz-ere, ez omen ziren enoatzen sainduen mistik-zoradurak eta konzientzi minkorrak. Beste zorigaitz haundiai lotua egonez, “Urrezko Mende”-ko gosete-izurriteak haundiago ta indar berria lortzen zuen Ofizio Saindua-k. Neurri haundian ahuldurik ere, Errege ta haundikiak berak buru-gainetik aspertuak zituelarik, “ezaguna zuen Inkisizioak jende xehengan batez ere bere indarra zeukala”.
“Luzearen luzeaz begi batzu urratzen hasiak ziren”, bainan españar “espirituzko-pasioi basak atzera jaurtiki zuen Renaissence zelakoa, arrazoinaren izenean arrazoin-gabekoaren jabegoan sartzera ausartzen zelakoan”. “Bere barneko-zolan, berrezagutzen zuen espainiarrak holako jabegoa bere naziotasunaren esentzi berbera zela”. “Egia, bat bakarra zen, eta España-k bere-zeukan eskuratzeko bidea”. “Españarroek uste dugu, arrazoin betearekin, egia gure dugula” diote egungo españarrek ere, bostehun urte pasatuz-gero.
Egiazko klase-borroka nazioen artean gotortu zen, batez ere erresuma okupatuetan. Granada, Nabarra, Amerika, Italia edo Behereko Herrietan guda, ohointza ta inolako zapalkuntzen bidez azaldu zen españar ahalmena, españar “erregeen inperiotiar haundi-nahien” asetzeko. Hala egin zen, funtsean, Urrezko mendea. Handik sortu, oro-bat, gerozko ondorio latzak.
Eten-gabeko guda guztietarako diru-behar alimaleak beti haunditzen ari ziren. “Dena ahuldu ta suntsitu, besterik egiten ez zuen erresuma” harek Amerik-etako herriak indarkeria ta ikara hutsez menperatuz-gero, han ebatsitako urre ta zilarrak errez eta muga-gabetan eskuratzen eta xahutzen ziren. Ugari horretatik beretik gora-egiten prezioek. Europe-n sortzer ari zen kapitalizgoak baliatu-egin zituen hain zuzen. Itur-buru emankorrenak legortuta, Mejiko ta Peru-ko urrea akituz-gero, Potosi-ko zilar-mendia ere agorturik, belarriez-goiti zorretan zegoen muga-gabeko erregegoa, “munduko zabal-aberatsena”. “Bainan beste guztiak itzaliz, Behereko-herri-etatikako jiteak, urte batzutan beste edo-zein iturritik sortuak baino hamarretan-haundiagoak zirenak, Indi-etatik eramanak barne”. Holako “esne-behia” sobera deitzirik eta hil-zorian emanik, galdu egin zuten azkenean, lehenago ikusi bezela.
[North-Thomas: 141.] Atera-bide gero ta makalago ere saiatu zituen Errege-k. Dirua maileguz eskatzen zuen egin-ahala, Indi-etatik etortzekoak ziren altxorrak ere aintzinetik baliatuz. Ordaindu behar zuen interesak gero ta ehuneko haundiagoa eskatzen zuen, arriskua haunditzen zen arabera. Fugger eta beste banku indartsuak ere larrialdi estuan jarri zituela behinean-behin (1559-71-94). “Eliza-ri ere dirua atera zion”, ez bai-zen gauza errexa. Azkenean, zorrak ordaintzen ez bai-zituzten, ez zion inork diru gehiago aurreratu nahi. Noble-titulu ta ofizioak saltzen zituen, hala beharrik berehalako dirua eskuratzeko, bainan handik beretik estutu egiten zuen zergatarako-funtsa. Bestalde, diruaren zati haundia biltzaleen sakelan erortzen ziren eta handikako irabaziak lurrak, titulu edo ofizioak berriz erosteko ematen zituzten. Horrenbestez, zerga guztien parte haundiena ofizio-dun, funzio-gile ta ezerrez-gile ugariek berenganatzen zuten, edo betiko gudetan xahutzen, ekonomigo berri baten hazteko baliatu-ordean. Halatan ere zerga behin eta berriz haundiagoak eskuratzen ba-zituen Errege-k, handik ere gero ta hondoratzenago zuen erregegoaren ekonomigo osoa, zergak ere bai, bide beretik. Korapillo madarikatu hura ezin-askatuz dirua faltsutzen baldin ba-zuen, lan bortxatuak ez jasanik ere, uste-gabeko ondorio nahas eta galgarriagoak sor-arazten zituen. Eta, ezinaren ezinaz, alkimiaren bidez urrea egiteko saioak egiten baldin ba-zituen, dirua ta lana alperrik xahutzen zuen Errege gaixoak.
Aspaldiko esana, “Asiar edo Sortaldar dezpotizgoetan gobernuek ez zuten hiru ministaritza baizik: barnean ebasteko lehena, kanpoan ebasteko bigarrena, hirugarrena gobernuaren lanak erabiltzeko”. Españarrek lehengo biak aski zituzten gobernua konpontzeko.
Zergak zentzu-poxi batekin eskuratzeko ta enplegatzeko auziak gero ta zailago zegozen. “36000 legeetako erresuma” haretan, Frantzi-n bezain laster ageri zen erreforma haundi baten beharra. Hala ere, oztopoak haundi, ateraldiak hurri. Handik ateratzeko saioak ere berandu eta zuhur egin ziren (1770-1, 1796, 1814, 1824). Inkisizioa azkenean kendu zuten (1834) eta Mesta-ren izena bera ere debekatu zuten (1836). Bainan españarren dezpotizgoa eta inperializgoa, legun-beharrean, gogortu egin zen aldi berean.
IX
Mundu hontako ahal-dunek indartsuak errespetatzen dituzte eta ahulak zapaltzen. Horrenbestez, beharrezko indarra ez zeukaten erresuma ahulagoak menperatu edo ez-deustu zituzten indartsuagoek, guda erruki-gabeak zituztelarik medio. Nazio-arteko legeak nola-bait debekatuta egon-arren, aise onhartuak ziren hainitzetan holako egikerak. Batez ere “guda iustua”-ren ideiaz estaliak agertzen zirelarik, guda guztiak justutzat ematen zituztelarik egileek. Auzi horiei dagozkioten konzeptuak askotan goibeltzen dire ta nahastekatzen, izenak ere axola gutiz, sobera laxo edo okerrez erabiliz. Batez-ere erdera modernuez antzinako “jus belli, ad bellum, in bello, post bellum, subjugatio, debellatio” eta holako besteak ematen direnean. (Euskararen morfologi joriaz baliatuz, idei horik zuzenik bereizteko eragozpenik ez dugu, ez-eta gaizki emateko estakururik ere).
Berez justua zelako “guda santua”, laguntza haundikoa zeukaten orduko errege haundi-nahiek. Beren ustez, eskubide betea zedukaten egiazko fedea zuten erregeek “jabe-gabeko” lurraldeak “hartzeko ta gordetzeko”. Jabeak izanik ere bai, “sineste onak” ez ba-zeduzkaten, berdin ahal zituzten errege kristau zintzoek menperatu ta bereganatu, “hala-beharrean” indarraren bidez. Behar ba-zen onez-onean eskatuz-gero, (Amerik-etako biztanleai egindako “Eskaerak” [1513, 1519, 1534], nagusi berriak onhartzen ez zituztenak egiazko fedearen etsaiak zetorzten).
Batzutan, Eliz-buruak berak “ematen” zituen menperatzeko ta berenganatzeko eskubideak. Edo-ta jabego bera ere, aurrenetik menperatzeko kondizioaz, edo berdin menperatu eta ezagutu-baino lehen.
“Inork ez du ematen berak ez duena” (“nemo dat quod non habet”) printzipio zaharrak ez zuen holakoetan baliorik: “Jaungoikoa-k emana zion Kepa-ri, ez bakarrik Eleiza-ren, bainan mundu osoaren gobernamena ere”. Eliz-burua eta kristau-erregeak jabe absolutuak izanez, menperatutako herritar gaixoek ez zuten ezer esatekorik. Holakoek egin zezaketen borroka, zuzenik-gabekoa zen, heien menperatzeko guda, ordean, arras justua izanik.
“Erroma-ko nagusi esku-zabala”-ren emaitza eskuratzen zuenak, ilunean bizi ziren herriak beti-ereko galtzetik salbatu behar zituen. Askatasuna, herria ta bizia kenduz-gero salbatu-egin zaitezken neurrian bederen. “Kristo-ren etsaiak” zigortatu behar ziren, zeduzkaten guztia kristau onek kendu ta berenganaturik, bizirik atera zaitezkenak esklabu edo zerbu huts ezarriz. Oroitu ere behar da, bestalde, holako emaitzak ez zirela urrik egiten, bide egokia izanik hor diru eta besteren biltzeko. Oso gastu haundiak egiten zirelarik Eleiza-ren zerbitzu, zerua ere salgai zuten hainbatenaz Erroma haretan, bide beretik Erreformarako mogimendua ere hazten zelarik.
Lehengoan Portugal zela fagoreztatua, gerokoan “Kastilla, Leon eta abarreko” Errege-k eskuratzen zuen nahi zuen guztia, jadanik emana kendu ta berriz eman behar ba-zen ere (“Dum diversas”, 1452; “Romanus pontifex,” 1454; “Aeterni regis”, 1481; “Inter caetera”, “Eximiae devotionis”, berriz “Inter caetera”, “Piis fidelium” eta “Dudum Siquidem”, 1493). Hartzaile maiteek saltsa berriak beren aldetik egiten zituztelarik (Alkobaça, 1479; Tordesillas, 1494), horik ere kondu hartu behar zituen Eleiz-buru gaixoak. Lehengo “Inter caetera” izeneko apostolicum diploma ez zitzaiotela osorik egoki, hobetzeko eskatu zioten Kastilla eta abarreko erregeek. “Eskatu-baino lehen, biharamunean berean” bigarrena azpimarratu zioten Aita Saindua-k (“Inter caetera” bis). Halako errege kristauai ezer ukatu ezinik, lanez lehertzeko prest zegoen gizagaixoa, bai-ta diplomaren eguna edo urtea faltsutzeko ere, gerokoan eginen zuen bezela Napar-erresuma menperatzekotz. Ez da gezurra inolaz ere pekatua, hel-buru saindu baten atzemaiteko egiten ba-da.
Bainan “England, Holand, eta Frantzi-ko erregeek ez zuten ber-ezagutzen halako emaitzen baliotasuna”. Portuges eta españarrek berek ez zioten errespetu haundirik, komeni ez zitzaiotelarik. Beraz, beste titulu-iturri ere kanporatzen zuten, soberaz ez utz.
Dena-den, hirur-hogei milloi salbai, “amerikar arraza ederrak, suntsitu zituzten España-tik heldutako konkest-egileek, ehun urte pasa baino lehen. Horrelako ideala inork ez du imitatu ahal izanen.” “Españar eta portugesak, jauregietan eta tenpletan bildutako aberastasunai oldartuak zitzaizkioten”. Hola ebatsitakoez apaindu zituzten España-ko jauregi ta eleizak. “Hangoak eraman eta akituz-gero, mea-tokiak ere baliatu nahi zituzten, indianak lan egitera indarraren bidez behartuz, gizatasunik-gabeko kondizioetan”. “Deabrua bizi zen lurralde heietan” jatorrizko zibilizazioak ez-deusturik, biztanle ohiak garbitu zituzten gudari ta fraideek, indarkeria utsez erahilik edo-ta lan bortxatuan, gose, hotz eta izurritez. Betiere-ko izurriteetako gogorrenak (1521 1545, 1576, 1585 0) erortzen ziren lekuetan hiruko-bi edo bosteko-lau biztanle hil zaitezken, zuriak neurri haundian hunkitu-gabe. Fede-gabeko salbai gaizto heiek ordean ez zuten holako bizia oso ontsa hartzen. Gudarien makila ta fraideen peredikuak jasan-baino hil nahiago zuketen. Heien eten-gabeko jazarkundeak, (1881-ean bukatuak), ohiko-bidetik zapaldu zituzten españarrek, hortik ere erakusten zutela zein zegozen hor “salbai” haundiagoak.
Langile larru-gorri hek “hauskorregiak” izanki, heien adizkide ospetsu batek kausitu zuen aterabide hauta: heien lekura Afrika-ko beltzak erakarri, saldu-erosi ta esklabu eman, askoz jasankorrago omen zirelarik. Idei horri esker, salbatu, luzatu ta zabaldu ziren zibilizazioaren eta kristautasunaren gorengo balioak. Salbatzaileen iritziaz, hango biztanleek salbai-onaren irudia ematen zuten batzutan, arrazoin-gabeko haurrak, ergel edo ero bestetan. Gizakume ala abere ziren ere ez ontsa jakinik. Dena den, ezagutuz-gero, laster ikusten zen alper, ebasle, faltsu, eta lizunak zirela. Itz gutiz esateko, españarren dohain guztiak falta zituztela. Bestalde, jaungoiko faltsuen aldareetan giza-kumeak ere sakrifizkatzen omen zituzten, noizpenka. Erresuma kristau, aurreratu ta zibileztatuetan ez zen holakorik egiten. Egia esan, fede ona aitortzen ez zutenak ehundaka bizirik erre egiten zuten, ez-baizen gauza bera, egiazko errelijioak eta arrazoiak eskatzen zuten-ber. Horren gainean, españarrak heldu-baino lehenago, gudak ere ziren biztanleen artean. Ezaguna da kristauen artean inoiz ez zen holakorik gertatzen, beharrik ez zenean. Ageri dago holako salbaiak beren gain ezin-utz zaitezkela. Ikusi-arazten zioten gudari ta misionestek holako itsuskeriak egin-behar ez zituztela, dena alperrik. Beraz holako izugarrikerien geldi-araztekotz, denak su-ta-ke menperatu behar ziren, beren onerako. Bide hortatik, holako basa-pizti ainitz zakur maltso-kristauak bilakatu omen ziren, españarrak aberasteko hil-arteraino lan-egiten zutelarik.
Kristau-erresumetan ere, “salbai-lur”-etan bezela, kristau-gaiztoek “galtzen” zituzten lehenagoko eskubide ta jabegoak, batzutan “berenez”, Eliz-buruak “jakin-arazten” zuen bezela, (halaxe Medicis ta Farnesio Eliz-buruek, England-go Errege-ren aurka, 1533-4). Bestetan Eliz-buruak “kentzen” zituen eskubide guztiak, errege zintzoari emanez, deabruaren erregegoa lehenagotik menperatzeko kondizioaz, (Segni ta Della Rovere Eliz-buruek Napar-erresumaren kaltez, auzokoen probetxu: 1196-8, 1512-3).
Oraingoan ere loriatzen dira erresuma herri-jaleek munduan-zeihar egindako balentrien gaitik. Ez ditu Eliza-k krime izugarri horik kondenatu, ez du barkapena eskatu, ez du gaizki-egina ahalik-hoberenean antolatzen saiatu. Batzutan entzuten diren milikeria ta maixukeria nardagarriek betiko mezprexu bera ta bide beretik segitzeko asmoa-besterik ez dute azaltzen.
X
Frantzi ta España-ren ahalmena gotortu-arau, ahuldu ziren, edo zearo desagertu, orotako-oreka finkatzen zuten bestaldeko indar bereziak. Mundu guzia menperatu nahi zuten erresuma horiek “Ninibe-ko zama” karriatu behar zuten, “jende gehiago menperatuta, handik segurtasun ta ongarri haundiagoa” betiko-inperializgoen printzipioari begira.
Aintzinako ta egungo erresuma gehienekin gertatu ta gertatzen den bezela, sartaldeko erresuma tipien strategi bakarra orotako indar-konstelazioari lotua zegoen. Bide horretatikan atera behar zen, ez bai-zen besterik. Behin eta berriz, matxinada, iraultza ta guda haundien bidez saiatu ziren askatasuna gorde edo lortzen. Denak saiatu, gutiak heldu.
Ezaguna dateke nola Frantzi-ko erregeak, (“Saindua” barne), Erroma-ko Aita, (berez Saindua) eta Inkisizioa, (Saindua noski bera ere) elkartu ziren Toulouse-ko kondegoaren lur eta uriak ebasteko ta suntsitzeko, bide ikaragarrien bidez gizon, emazte ta haurrak milaka hil-araziz (1209-55: Béziers 1209, Montsegur 1244, Quéribus 1255). Lagun gehiago erre ta saindu gehiago su-emaileen artean. Holatan lortu ta gorde zituzten Frantzi-ren eta Eliza-ren batasun sakratu ezin-berezizkoak.
Portugal-ek galdua zuen askatasuna (Alkazar-kibir, Lisboa 1578-0) berriz irabazi zuen, Aragoi, Katalunia, Mallorka, Valencia, Napoli ta Sizili-ko iraultzak baliatuz (1634-1714), England-go gobernuaren laguntza aspaldi-danik segurtatua zuelarik (Windsor, 1356; Aljubarrota, 1385; Methuen, 1713). Hango kidegoa aurkitu ez zutenek galdu egin zuten partida, denen buru. Aragoi-Katalunia-k erakutsi zuten bermantza ez zen nahikoa hango erresuma zaintzeko (1563-92, 1640-716). Azkenean, indar-oreka berria ta Amerika-ko abantailak gorde-nahian, emandako-itza jan zuten anglesek, Barzelona indarkeria basaren pean utzirik. Garaileek berek aitortzen zuten erresuma berezi baten aurka egiten zen guda, eta menperatzaile zirelakoan zutela beren jabego berria.
Akitania-Bordelais-ko biztanleek hirurehun urtez inolako eskubide ta aberastasunak lortuak zituzten, mahastien eta itsas-merkataritzan funtsatuak, holako egoerari zegozkion kultur-emaitza ohargarriekin. Askatasunaren bideak ideki-egiten zituen hango erdiko klase modernuek. Frantzi-ko kañoien erasoari ezin-bihurtuz (Castillon 1453), despotizgoak holako aroa hondoratu zuen. Bordele “zaintzekotz,” “Trompette” ta “Hâ” gazteluak eraiki behar zituzten, biztanleen matxinadaren beldur. (Marseilla-n berdin “Saint-Jean” eta “Saint-Nicolas” eraiki zituzten bezela). [Myers: 144.] Hala ere, askatasunaren izpiritua erne zegoen, merkantilizgoa eta absolutizgoa on-hartu ezinez. England-go puritanen gobernuarekin itzarturik, iraultzatik sortutako errepublika berezia altxatu zuten, Fronde mogimendua ari zelarik. “Ikurrin gorria Bordele-ko zeruan hegaldatzen”. [Porchneff, 347; Pil. 130.] Frantzi-ko Iraultza haundia gertatu zenean, Girondin-en lepoak moztuko zituzten Paris-ko ikaratiarrek (1793), holako burjes berekoiak ezin-jasanez.
Okzitani-ko “Camisards” izenekoen jazarkunde haundian, (1702-0), errelijio-klase-nazioen egiturak ezin-bereziak ziren. Betiko atera-bidea aurkitu zuten Frantzi-ko dragoiek, herrialdetan su emanez ta jendeak oro erahilez, XIII ta XVI-ko sarraskiak erreberrituz. Hango ta Katalunia-ko borrokak berenez elkartuak izanik ere, ez zen strateji haundiagorako ahalmenik.
XI
Beste lekuetan bezela, aro modernuen beharrez haunditzen ari ziren Euskal-herria-n klase zahar eta berrien arteko etsaigoak. Bas-herriak galtzen ari ziren beren lur komunen jabegoa, (XV-XVIII), haundiki zahar eta berriek arrapaturik. Lur-gintza, arraintza, merkataritza ta esku-lantegiak, orotako egikerak oreka berrien bila zebiltzen. Barneko eta kanpoko har-emanak neurri haundian lotuak izanik, atea ideki-egiten zuten lekoreko etsaien erasoari.
Joera berriek askotan Napar-erresumaren kaltetan jokatu zuten. Handik goiti, lehengo arrisku-lerroan zegoen erregegoa, England, Aragoi-Katalunia-Toulouse eta Al-Andalus-ko laguntzaren bila behin eta berriz abiatu-arren. Haren etorkizuna finkatu zen, neurri handian, beste nunbaitikako lurraldeetan, beste inundikako gudarien artean. (Toledo 1085; Zaragoza 1118; Alarkos 1195; Gazteiz 1199-0; Tolosa-ko Nabas-Muret-Bouvines: denak hiru-urteko batetan 1212-3-4, indar-oreka osoa aldatuz; Toulouse 1218; Sebilla 1248; Cocherel 1364; Najera 1367; Bordele-Baiona-Castillon 1451-3; Morat 1473; Granada 1492; Villalar bi ilabetez Noain-baino lehen 1521; Alpujarrak 1570; Al-kazar-kibir 1578; Zaragoza 1590-2; Barzelona 1640; Kordoba 1641; Napoli 1646; Bordele 1652; Almansa 1707; Barzelona 1713-4 eta abar). Esana dute England-go historiolariek hango herriak irabazi zuela partida, berdin itxasoz-harateko borroka-lekuetan galdurik, “askatasun-erroak segurtatu bai-zituen bide horretatik, “Magna Charta”-aren aintzin-solasa finkatuz”. Napartarrek, ordea, frangotan galdu, borroka-lekuetan irabazirik edo berdin holakoetan agertu ere ez izanik.
“Iparraldeko” euskaldunak ere konturatzen hasi ziren, pikutara zoaztela beren foru maiteak. Españarren indarra ahultzen zen ordu berean, holenfrasen eta frantziarren eskuetatik izugarrizko zafraldiak harturik (England-go itsas-atekan 1639, Rocroi 1643). Hortan ere, kristauen edo muslimen artean, England, Frantzi edo Turki-aldetik laguntza lortzeko entseguek ez zuten nahiko aterabidea aurkitu. Haundiek ez dute ahulekin elkartu nahi, (tikiek ere ez, bestalde). Foru ta eskubide oro ahalik-laster kendurik, ikara gorria zabaltzen zuten Inkisizioa-ren eta Errege-ren ahaldun eta jujeek (1507, 1515, 1525-7, 1538-77, 1595, 1609-0), berriz ere gose ta izurrite-uhainez baliatuz (1513, 1518, 1608). Hala ere, ongi agertzen zen herriaren nahimena ta bermantza, [ ] (1312, 1463, 1483-4, 1488, 1601, 1610, 1631-4, 1641, 1655-9, 1661, 1670, 1685, 1696, 1717-8, 1724-6, 1748, 1784, 1793,1804).
Frantzi-ko jabegoak ekarritako guda, zerga ta muga berriek hondoratu zuten Baiona-ko ekonomigoa, Euskal-herri-ko bideak debekatuz. Merkatarien uri lantsua guda-postu izan zen geroztik, “kanpoko eta barruko” etsaien gorde-beharra, Iruña ta Bordele bezela. Itsas-hegiko arrantza ere suntsitu zen Utrecht-geroztik. Baiona, Lohitzun eta besteko ontzi ta itsas-gizon gehienek aldegin behar zuten, edo-ta korso-gile ta esklabu-karreatzale bilakatu.
Haren lekuan, gero ta indartsuago Bilbo ta Donostia-ko portuak, españar Errege-ren oztopoak gainditu-beharrean ere. Hango egikera haundien baliatu ta kudeatu-nahian, merkatari-lege famatuak eratu zituzten euskaldun kontsulgoek (1447-1737), munduan ere holako arauetan lehenak eta besteen moldatzaile.
Berrehun urtez luzeratu ziren foruen ondarrak, inperializgoa ete dezpotizgoa neurri batetan mugatuz. Españar eta frantziarren betiko-xedea aldatu-gabe noski: ahalik lehena, foruak eta Euskal-herria osoa ezerreztu.
XII
“Sortaldar despotizgoaren ezaugarri nabarienetakoa jabeen oinetara belaunika, makurka, ahospez edo arrastaka egotea da”. Ez zuen euskaldun jendeak holakorik jasaiten. Ez zegozen euskaldunak “diktat” batzuren gaitik beren askatasunari uko egiteko gerturik, España ta Erroma ko zuzendarien oinetara belaunikatuz. Españarren jabegoa ukatzen zuela-ta Napar-erresuma-k, horren kontra akitu zuen Eleiza-k bere haserrea (1196-0, 1512). 1512-3-etan Napar-erresumaren aurka jaurtikitako exkomunikapena, “nazio-arteko har-emanetan efektu ikusgarria lortu zuen azkena izan zen. Alba-ko dukea Iruña-n sartua zela bost urte pasatuta, Lutero-k proposapen batzu Wittenber-go katedralaren atean tinkatu zuen”.
Napar-erresuma zapaldu zutenek eta holako egikeraren gorespena egin zuten idazleek ere beti esan zuten España-k eta españarrek okupatu ta menperatu zutela Nabarra, horrela argi ta garbi aitortuz Nabarra ez zela España eta hango biztanleak ez zirela españarrak. Epe labur baterako “behin-behineko gordetzen zuela” Napar-erresuma esan-arren, lasterrean Errege-titulua bereganatu zuen menperatzaileak, Aragoi, Katalunia, Mallorka, Balenzia, Napoli, Sizilia, Jerusaleme, “eta abar” bere zituena jadanik. Behin eta berriz esan zuen, Eliz-buruak eman ziola Napar-erregegoa, bere “legezko titulua” handik sortua zela. Aita Saindua-k egindako “emaitza”-ren arabera, Napar-erresuma bereganatzeko aurretikan menperatua izan behar zen. Garaileak bereganatzen zuen erregegoa. Eleiza-ren emaitza bera zen titulu-iturria, menperatua izatea emaitzaren kondizio hutsa.
Holako emaitzan funtsatutako titulua oso arina izanez, esan dugun bezela inork errespetatzen ez zuela-ta, beste titulu-iturririk ere ahozkatu behar zuten españar jabegoaren ospatzaileek, “Jainkoa-ren, jendeen, gizonen eta naturaren lege ororen gaitik” oinperatu omen zutela Napar-erresuma.
Ezaguna dadukagu zelako bideetatik Nabarra, euskaldunen erresuma, okupatu ta zatikatu zuten auzoko kristau-erregegoek (XIII-XVI). Inork ez zuen esan Napar-erresumaren lege ta konstituzioa errespetatu behar zela oroz-gainetik. Inork ez zioten esan España ta Roma-ko buruzagiai, ez zela egoera berria “inposatu” behar, baitezpadakoak zirela lehenagotikako hauteskunde, erreferendum eta beste. Gaurko gobernu zapaltzale guztiai hain laket zaioten “terrorisme” itz polita ez zen oraindik asmatua. Frantziarrek atera zuten geroztik, Iraultza haundiaren diktatorgo odoltsuak-kudeatuko sarraski izugarrien gorestekotz. Hartara baino lehen, jakin genuen hemendikan holako ikararen berri, Euskal-herria ta Napar-erresuma su-odoletan ikusiz, funtsezko eskubide oro baztertu ta zangoperaturik. Inork ez zuen “helburu sainduena eta odol-tantoa”-rena aipatu. Egungoak bezela ezin-ahantziak eta ezin-barkatuak ditugu horrelako krime naskagarriak. Ez dira “aspalditikan igarotatuko gertaera hutsak”, gaurko egoeraren erro ta oin-harri ezin-bereziak baizik. Horrela oin-harriztatua zen geroztik gure herria zapaltzen duen ahalmena.
Ihardokitzaileak berriz, Jatsu-Azpilkoeta famili guztia barne, beste munduko betirako-oinazetara kondenatuak zituen Eliza-k. Hemengoan, bizia salbatzen zutenak, eskubide ta ontasun guztiak kendurik, hartzaileen zerbu-egitea nahi zuen Aita-Sainduak, “et ipsos capientium servos effici volumus”.
“Ikaragarria” izen-goiti zuen Eliz-buruaren hasarre, gorroto ta “maledicione” samurrak Napar-erresumari aspalditik kendutako lurraldeetara ere zabalduak ziren, “proesertim Vascis et Cantabris proefatis, illisque loca vicina”. Ongi ezaguna bai-zuen Euskal-herriko “naturazko”-batasuna, eta hartatik atera zaitezken strategizko-ondorioak. Biarne-tik Castilla-ko komunetara, denoen askatasunak elgarrekilatuak zegozen, ainitzek ez ikusi ta konturatu-arren, gaurkoan bezela. (Najera ta Iruña-ko balentriak-baino baliagarriago izan zirateken Loiola-ko semearen zerbitzuak strategi hori Gipuzkoa-n hondoratuz. Askatasunean sortu ta bizi zen Erresuma zaharra menperatzekotz ezin-besteak bai-ziran barruko-lagunak).
Aita Saindua-k Nabarra-ko “Errege” berriari (1512) “emana ber-eman” zion (1515), ta honek Nabarra-ko erregegoa bere Kastilla, León, Granada “eta abar”-eko erregegoei beste batez gehiagotu zuen. Transferentzia hau berehala baieztatu zuen Aita Saindua-k. Hain usu esaten eta idazten den ez-bezela, Napar-erresuma ez zuten ez Kastilla-ko ez España-ko (?) Erregegoan sartu. Ez zuten hor “France ta Navarre” edo “Britain Haundiko ta Ireland”-go Erregegoen baten parekoa ere antolatu, indar hutsez izanik ere. Britain Haundi-ko Erregego Bateratua muntatu zutenean (1707, 1800), menperatutako parlementien holako “baietza” lortua zen. Napar-erresuma-ren eta Euskal-herria-ren askatasunaren aurkako lege-gabekeriak, inoiz ere on-hartu dituzte herriak eta legezko-instituzioek.
Errege-lapurtzailearen semeak Benabarra-ko zatia “utzi”-egin zuen (1527-30), Napar-Errege “faltsu” batzuren eskuetan, (“assertum Regem Navarrae”, esana zen Peretti – Sixtus V – Eliz-buruak antolatutako diploma berrian 1585). Bera Frantzi-ko Errege ekarrita (1589), bi erregegoen batasuna “agindu” zuen, Biarne ta Nabarra-ko lurralde bereziak okupatuz gero (1620), Aita Saindua-ren bozkarioz. [Berak ere “utzi”-egin zuen bere aldetik erresumaren zati haundiena (1659).] Eman, atzeman, utzi, ber-atzeman, ber-utzi, baietz, ezetz, berbaietz, berezetz... Aginte ta batez ere indarkeria-kolpe huts horietan inork ez zuen herriaren nahimena konduan hartu. Alta ba, herria ez zen hemen, beste erresuma hainitzetan zen bezela, Errege-ren “gauza”. “Ez da herria Errege-rena, Errege herriarena baizik”.
Diploma famatuai so (“Pastor ille coelestis”, “Etsi ii qui Christiani” 1512, “Exigit contumacium” 1513), euskaldun azterzale frango aspaldi-danik akitu dire holakoen faltsukeria ta iluntasuna frogatu-nahian, Errege lapurtzailea oso gezurti haundia ta gaiztoa zela jakin-araziz. Ageri dagozke beren ideologizko funts ta xedeak: alde batetik Eleiza-ren eta Aita-Saindua-ren zuritzea, bestetik Napar-erresumaren “hobena ta desohorea garbitzea”. Eleizaren zuritzekotz ba-dute egitekorik. Faltsukeria berriek ez dute ezer antolatuko, maltzurkeriak emendatu-baino. Napar-erresumak ez du garbitu-beharrik, bere askatasuna, izaera ta nortasunaren alde egin-beharra egin zuelarik. Diplomak faltsukeriaz beteak direla azaldu nahi ba-dute, faltsu-egilea Aita Saindua bera izanez, ez da aspaldi-danik minuturen bat galtzeko beharrik, ez dago filologizko-azterketa unagarria egin-beharrik. Aita Sainduaren kontu emanez Errege lapurtzaileak faltsuak egin zituela uste izateko, emankor izan behar da irudimena, eta nahimena bultzagarri. Gutun horien muina eta azala berdin zatarrak izanik ere, funtsezko ideiak, argi bezain garbi ikusten dira, ikusi nahi ez dituenak ez dituela halaere ikusiko. Errege-gaiztoaren gainean egiazko edo asmatutako hobenak ezarriz, besterik ere erakusten dute euskaldun historiolariek, holako jeloskeria, nola-bait ohartzen dire-ta politikari gogor, azkar eta zorrotza zela hura, Napar-erresumaren defendatzaileak ez bezela. Hobe lizateke, etsaiaren egin-bide ohar eta ikasgarriak ikusi ta ikasiz-gero, orduko ta batez-ere egungo abertzaleen huts deitoragarriak argitara ematea.
Dena-dela, berririk ez dagolarik, argi dago berme daduzkala Eleiza-k XVI-ko albiste ta aginduak. Ez dagoke gaizki-eginen kofesatzeko, antolatzeko ta barkapena eskatzeko gerturik. Segni ta Della Rovere Eliz-buruen emaitzak “in situ” azpimarratu du ta “hobetu” Wojtyla germanak, Loiola, Iruña, Jabier eta Lurdes-en. Atzoko ta egungo Euskaldunen nazioa ta erresuma behin eta berriz ukatu ditu, orduko euskaldunak, gaurkoak bezela, españar edo frantziartzat emanez. Teologi, teleologi ala retrojekzio-bidetik egin duen ez dakigu, ez bai-du azalpen-arrastorik eman. Hor dago ordean beti berme arazoa. Gero ta bermeago egonen da, ez bai-ditu Herria-k holako irainduak ahaztuko ez barkatuko, Nabarra-ko lurrean ohore-izpiak bizirik dirauno. “Haundien eta saindu”-en mezprexuak ez du ezer aldatuko, herrien errespetua eskatzen bai-du lehenik egiazko haundi ta sainduen balioak.
XIII
Euskal-herria ta erresuma-ri behin eta berriz oldartu egin zaizkio auzoko erresuma herri-jaleak. Funtsezko eskubide oro zangoperatu dute, batez ere herrien askatasun-eskubidea, “giza-eskubideetako lehena eta beste guztien aurreneko-kondizioa”. Krime nardagarri hoietan oin-harriztatua dago españarren eta frantziarren jabegoa. Egia argi ta garbi hori izkutatu-behar eta nahi dute menperatzaileek. Ez bai-da gauza errexa, indarkeriak eman duen jabego osoa ukanik ere.
Inperializgoaren eta fazizgoaren ideologian, propagandak ta psikologizko-gudak ezerreztu dute egia, gizarteak enganatuz hobekian menperatzen bai-dituzte. Faltsukeria ta gezurrak, mito eta aurretikan ezarritako esentziak, hipostasi hutsak, printzipio-eskea ta itzetako-kontraesaerak, izen-zentzu berezien azpikoz-goitiko aldaketa, formazko-logikaren mexprexu betea dituzte oin-harri. Aldi berean, itz-zarata ta ke-odeien bidez jendeak gor, itsu, xoro ta ergeldu-egiten dituztelarik. Buruak garbitzeko ta pozoineztatzeko, ez zaizkioten beharrezkoak falta, jendetza haundiagoa, indarkeria-bide guztiak, mass-media ororen monopolia, kañoiak beti beren alde ukanez. Ez zaio inolaz ere fidatu behar ahalmen osoa duenari. Besteak ixil-arazteko eta bakarrik itz-egiteko eskubidea indarkeriaren bidez bere ganatu duenaren esanetan ez da sinestekorik.
Inperiotiar hixtoriolariek ez dute aski gaurko egoeraren gorestea. Egoera honek betirako ere iraunen duela segurtatzekotz, gauzak betidanik hala izan direla uste-arazi behar dute. “Goreneko” nazioen eta erresumen esentzia ‘sub specie aeternitatis’ bermaturik, munta guti, heientzako, hixtorioaren emanek. Gaur sortutako gobernuek, konzeptu ta izenak aintzinako hixtorioan atzera ihaurtikiz, hixtorioa bera sor-arazten dute. “Retrojekzio” daritzadan eginbidea hixtorioaren izurrite berezia dugu, faltsukeria guztietarako atea zabaltzen duena, estakuruak estakuru.
Gernika nork lehertu zuen ere jakiteko ez direla gauza izan españar-gobernuaren ofiziodun jakintsuak. Franco generalak euskaldun-abertzaleengan errua egotzi zuenean, ez zioten azaldu zientzi-gizon azkar heiek dudarik-gabeko egia, bas-herritar apalenak ezaguna zuen egia. Pakearen eta egiaren beti aldeko omen direlakoek ez zioten esan generalari gezurti-ahalena zela, haren Gurutzada odoltsua sustatzen eta bultzatzen zutelarik. Ez-eta haren jabegoa goresten eta benedikatzen zuten aro luzean ere, gaurkoan handik sortutako emaitza ta jarraipena bultzatzen, sustatzen, goresten eta benedikatzen dituzten bezela. Alta ba, holako gezur eta faltsukeriak emateko gai direlarik bizi garen aro ta mundu honetaz, errex pentsa daiteke zelakoak bota-egiten eta eginen dituzten bostpazortzirehun urte lehenago gertutakoez. Aski edo hobe zaiote askotan ixilik egotea gertatukoak izkutatzeko asmoan, eta besteen ixil-araztea. Behar ba-da, ez dira bat-ere lotsa argi ta garbi esateko ez direla “azaldu behar Frantzi-ren nazio-batasunari kalte egiten dioten gertaerak, egia beteak izanik ere”. Esandako Errege-k egin zuen gauza bera egiten dute egungo hixtoriolariek, gizonen oroimena suntsitu-nahiean. Holako hixtoriolariak, jakintsu-izena hartzen ere ba-dute, ez dira bat ere jakintsu, ez eta gizon prest honuragarriak. Faziotiar porrokatuak dira holakoak eta gaiztagile nardagarriak.
Abantail guziak alde ukan nahi lituzkete. Alde batetik, irudi beldurgarria azalduz, bestetik aita ta ama amultsuena egin. Herriak indarkeria beteaz zapaldurik, aldi berean jende guztien maitagarri laztanak azaldu, Jaungoikoa-ren edo demokraziaren graziaz. Gezurra aho-beteka zabaltzen dutela, maixu zintzo-jakintsuarena lotsarik gabe agertu. Ez dute ordean egia, indarkeria, pakea edo giza-eskubideak direla-ta ezer esatekorik.
Uste bide-dute holakoek inor ez dela gehiago holako hixtorio zaharrez oroit, hildakoek ez dutela itz-egiten. Hain zuzen, hortarako ere hil-ahala dituzte. “Denak hil itzazute, Jaungoikoa-k ezagutuko ditu bereak” (Béziers 1209). Bizirik egonak ikaratu, erbesteratu edo giltza-pean emanez ixil-arazi dituzte. Hala ere oso zaila omen da gizon ororen garbitzea edo ixil-araztea. Pertsona bat dagolarik egia ta askatasunari atxikia, ez dute irabazia hemengo partida.
XIV
Mende berria
Handik sortutako [ ]
España-ko [ ]
Frantziarrek berriz ere aitortu zuten erregego berriaren Konstituzioan (1814), Nabarra ez zela Frantzia ta Nabarrak ez zirela Frantziarrak. Gerokoan berriz ere atzera egin zuten (1830). Okupatu ta zatituz-gero ere, ez ziren ausartu españarrak Napar-erresuma-ren egoera ta titulua ez-deusten. España-ko gobernariek “kendu-beharrean ukatu” zuten (“Estatuto Real” 1834), erruki-gabeko guda baten karietara. Hain zikina agertzen egiazko egitekoa, non nahiago bai-zuten “ez izanarena” aipatu, España-ko Konstituzio berri sakratua gezur betean funtsatuz. Hainbesteko aldaketa ta faltsukeriek berenez azaltzen dute zein neurrian ezin-on-hartu ta ezin-funtsatuak agertzen ziren Napar-erresumaren kontra egindako eraso naskagarriak.
Magazine
Inperiotiar ideologiaren funtsa mexprexua da. Delako gorengo-nazio baten arabera, menperatu nahi dituen herriek ez dute balio-izpirik. Salbai atzeratu horik ez direla arrazoinezko jendeak, itz-egiten ere ez dakite. Hoberenaz, odola dute zikina, izkera tetele, kultura balio-gabea eta bizi-modua ezin-jasana. Berenaz ezin-baliatuz, ezin-utz daitezke halako egoeran. Beren onerako menperatu behar dira. Heiek ere pozik onhartzen, eskatzen eta azkenean hertsatzen omen dute egoera berri miresgarria, berak dira egiazko menperatzaileak. Bestalde, ahul eta buru-gabe izanez, ez dira gauza nola-bait kontra ihardokitzeko. Gauzak ez ba-dira esan bezela gertatzen, hasarre gorrian asten dira zapaltzaleak, holatan ezin-segi daitekela, luzaro-gabe auzia bukatu behar dela, holako basa-pizti erotuak lehenbailehen hil, giltzapetu edo erbesteratu behar direla, heien lekuan jende berri finak etor-araziz eta plantatuz.
Euskal-herria-ren etsaiek ez dute inoiz ulertu ez barkatu euskaldunen iardokia, beren nortasuna ta askatasuna zaintzerakotzat. Inperio Sakratuen aurrean belaunikatu ez zirenak ez ziren belaunikatu Liga Saindua-ren bidean. Ez ziran belaunikatuko berdin muslim, erreformatu edo gorrien aurkako guda sainduen beharrak estakuru emanik. Menperatzaileek askotan uste izan zuten irabazia zutela partida. Noizpenka hala ere konturatzen dira euskaldunek ere ez dutela inoiz amor emanen, inoiz ez dutela beren nortasuna ta askatasuna ukatuko, lurralde okupatu guztietan bezela ergelduak, salduak eta arnegatuak falta ez izanik ere. Hasarre gorrian beraz sartzen dira behin eta berriz gorengo erresuma herri-jaleak. Ontsa ezagunak ditugu ondorioak.
Bestalde, gudaren ondorioak bermatuz-gero, alde bat ematen zuten hainitzek-hainitzetan “ex injuria ius non oritur”(“gaizki eginetik ez da eskubiderik sortzen”) funtsezko printzipioa, “ex injuria jus oritur” (“gaizki eginetik sortzen da eskubidea”) haren lekuan emanez. Okupatutako lurraldeak gibelerat-biltzeko ahal-eginak ahultzen ziren horrenbestez.
Comentarios
Publicar un comentario